Hilaren 26ra arte eman ahal izango da izena.
Emakumeentzako jabekuntza eskoletan izena emateko epea ireki dute dagoeneko. Hilaren 26ra arte egin ahal izango da, eta datozen hilabeteetan bi ikastaro eskainiko ditu udalak:
Neure burua zaintzen ikasten eta
Identitate femeninoa eta jabekuntza.
Lehenengoari dagokionez, zainketa propioaren ardura landuko dute. Hala, emakumeek duten zaintzaile rolaren inguruan hausnartuko dute eta osasunaren kudeaketa, bizi kalitatea eta emakumeen eskubideak sustatuko dituzte. Hala, zaindu eta euren burua zaintzeko tresnak erakutsiko dizkiete.
Tailerra ostegunero izango da hilaren 29tik urriaren 13ra, 10:00etatik 13:00etara. Bederatzi orduko iraupena izango du, eta Inma Merino de Castrok emango du hezitzaile eta sexu terapeutak. Matrikularengatik 7 euro ordaindu behar dira.
Emakumearen identitatearen gaia landuko du bigarren ikastaroak. Alegia, nola eraiki den emakumetasuna, eta horretan eragin duten faktore sozial eta kulturalak. Emakumeak nola desjabetu dituzten ulertzea da helburua, gero jabekuntza prozesu bat martxan jartzeko.
Ikastaroa Pepa Bojo psikologoak emango du, eta astelehenero izango da urriaren 3tik azaroaren 28ra. Hamasei orduko iraupena izango du, eta 17,50 euro da matrikula.
Jabekuntza eskolak egingo dituzte Irunen.