Amute-Kostako Auzo Elkartea auzolanean konponduko dute

Mantenu eta garbiketa lanak egingo dituzte hiru egunez. Izena emateko eskatu dute, egin beharrekoak aurretik zehazteko.

Hilaren 16tik 18ra, ostiraletik igandera, auzolana egingo dute Amute-Kostako Auzo Elkartearen egoitzan, hainbat konponketa burutu eta garbiketa egiteko. Auzo Elkarteak jakinarazi duenez, “ez da inor kontratatua egoitzaren mantenu eta garbiketa orokorreko lanetarako”, eta horregatik auzotarren parte hartzea eskatu dute. Kontuan izan behar da urriko lehen asteburuan auzoko jaiak egingo dituztela, eta hainbat ekitaldi elkartean egiten dituztela. Asteburuko auzolanera hurbiltzen den jendearen arabera, askotariko lanak egingo dituzte: iturgintza, elektrizitatea, zurgintza, pintura, garbiketa, informatika, erosketak… Hala, nahi duenak, hoberen egiten dakien horretan laguntzeko aukera izango du. Ostiralean arratsaldez geratuko dira, 18:00etatik 20:00etara, lanak antolatzeko. Larunbatez, egun osoko lana izango dute, 09:00etatik 20:00etara. Eta azkenik, igandean, azkenengo lanak burutzeko, jasotzeko eta garbitzeko aprobetxatuko dute; goizez ariko dira igandean, 10:00etatik 13:00etara. Edozeinek har dezake parte baina, lanak nondik nora antolatu daitezken aurreikusteko, izena emateko eskatu dute. Bi modutara egin daiteke, posta elektronikoz edota 652 72 73 74 whatsapp zenbakira deituta.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.