Hegazkin bat Hondarribira iristen.
2016a onurazkoa izaten ari da, momentuz, Hondarribiko aireportuan. Abuztuko datuak horren seinale: iaz baino bidaiari gehiagok erabili zuten garraio azpiegitura, %0,8 gehiagok, alegia. 17.382 pertsona abiatu ziren, edo iritsi ziren aireportura 599 hegalditan (+%1,5).
Urteko datua ere ona da. 2016an zehar jada 175.272 pertsonak erabili dute Gipuzkoako aireportua, iaz baino %5,1 gehiagok. Orotara 4.666 lurreratze edo aireratze operazio egin dira urtarriletik abuztura.
Aireportuak urtean zehar linea finkoak ditu Madrilekin eta Bartzelonarekin. Udan, Londres eta Palmara zabaldu da eskaintza.