Harro azaldu da Izaskun Larruskain Jaizkibel konpainiako kapitaina hogeigarren desfilea amaituta.
Jaizkibel Konpainia Kale Nagusian gora, udaletxe parean.
Harro. Horrela azaldu da Izaskun Larruskain Jaizkibel konpainiako kapitaina hogeigarren desfilea amaituta. “Harro gure jendearekin, bai barruan zeudenekin, zein kanpoan gurekin aritu direnekin. Izugarriak gara eta jende pila, gainera”. Hondarribiko jaien egun handia da gaurkoa, eta Jaizkibel konpainiak orain 20 urte hasi zuen bidearekin jarraitzen du. Urratsak egin dira ordutik, asko, baina bide luzea dagoela egiteko argi utzi dute Ertzaintzaren presentzia handiak eta Kale Nagusian gora zabaldutako plastiko beltzek.
Plastiko horietaz mintzatu da Larruskain Sainduan, Jaizkibelek desfilea amaitu duenean, “lotsagarria da hemen gertatzen dena, erakundeek ez dutelako ezer egiten gertatzen denaren aurrean, eta hori ezin da onartu”.
Goizeko zazpietan hasi du bidea Jaizkibel konpainiak. 350 lagun elkartu dira Zezen Plazatik abiatu eta Itziar Ugarte kantineraren bila joateko. Ugartek bigarren urtea izan du Jaizkibelen, lehenengoan txilibituarekin eta aurten kantinera modura. Zumardira heldu direnean ia 200 lagun gehiagok egin dute bat konpainiarekin desfilatzeko. Heldu, gazte, eta haurrek, emakumeek eta gizonek, egin dute bat. Tartean hamar urteko haurra, “bigarren aldia da aterako naizela, gustuko dut oso ongi pasatzen dudalako. Jaizkibelen ateratzea erabaki nuen uste dudalako emakumeek gizonen eskubide berberak izan behar dituztela jaiaz gozatzeko”.
Desfilea 08:20an hasi da Zumardi paretik Kale Nagusitik gora egiteko. Eta aurten ere, debekua badago ere, beltz azaldu da Kale Nagusia. Lehenengo plastiko beltzak Zumardirako bidean aurkitu ditu Jaizkibelek, harresien parean. Kale Nagusian, ordea, ugaritu dira, baina horien gainetik txaloak nabarmendu dira. Ertzainen ilara bana albotan egin du gora konpainiak Arma Plazarako bidea; haien atzean, espaloietan,
Betiko alardea zioten kartelak eta plastiko zati beltzak zituztenak. Beherako bidea ere, berdin egin du, plastikoaren aurrean. Baina, Jaizkibelen aldekoek lekua hartu dute, eta animoak ematen aritu dira, irrifartsu eta pausua fin zeraman konpainiari.
Euriak eta plastiko beltzek ez dute ilundu Jaizkibel konpainiaren desfilea, eta ozen entzun dira txilibito eta danborrak.
Sainduan erreakzioak
EH Bildu eta Ahal Duguren ordezkaritzak izan dira Jaizkibel konpainiaren ondoan, eta Sainduan, desfilea amaitutakoan adierazpenak egin dituzte. Maddalen Iriarte mintzatu da koalizio subiranistaren izenean. Lehenik eta behin zoriondu egin ditu azken 20 urteetan Jaizkibel konpainian aritu direnak, “borroka hau aurrera eraman duten gizon eta emakumeak zoriondu nahi ditugu. 20 urte hauetan lan egin duten emakume ausart horiek eta beraien aldamenean izan dituzten gizonak. Benetan eta bihotzez txalotzen dut beraiek egin duten lana”.
EH Bildu Hondarribiko gizon eta emakumeei “festak elkarbizitzan eta berdintasunean bizi ditzaten esatera joan dela esan du Iriartek”. Harrituta ere azaldu da EH Bilduko hautagaia: “Alderdi politiko batzuk hemen gertatzen dena aurrez aurre ikustera ez etortzeak harritzen nau. Iruditzen zait Hondarribiko gizartearen parte bati bizkarra ematen diotela, eta aldi berean, Euskal Herriko zati bati ere. Guk gure aldetik jarraituko dugu borrokan gizarte justuago, parekideago eta libreago bat egiteko”.
20 urte pasata urratsak egin behar direla esan du EH Bilduren hautagaiak, “beste herri batzuetan erabaki politikoak hartu dira antzeko gaien gainean, berdintasunean ere urratsak egin dira. Erabaki politikoak hartu behar dira”. Hondarribiko egoera zaildua dagoela esan du, “baina uste dut badaudela moduak hau iraultzeko, elkarrizketa izango da bideetako bat, edozein gatazkan hala da, eta hori bultzatuko dut. Uste dut aurrera urrats nabarmenak egin behar ditugula egoera hau iraultzeko”.
Ahal Duguren batzarkide Maria Valientek egoera “zertxobait” aldatu dela uste du, baina aurretik lan handia dagoela egiteko esan du. Ardura gehien erakundeek dutela zalantzarik ez du, “erakundeen esku dago zerbait egitea eta ez politikoki erabiltzea”. Plastiko beltzei egin die erreferentzia Ahal Duguren batzarkideak, “debekatuta baldin badaude, legea betearazi behar da edozein lekutan”.
Elkarrizketa eremu baten falta nabarmena da Ortzi Alonso Abotsanizteko zinegotziaren ustez, “konponbidearen bidean aurrera egingo bada elkarrizketa beharrezkoa da herritarren, eragileen eta herriko alderdi politiko guztien parte hartzearekin. Herrian gatazka bat dago, urtetik urtera baretzen doa, bakoitza bere lekua hartzen doa, baina ulertzen dugu alardeak aitortza duen bezala Jaizkibel konpainiak ere behar duela izan herriaren eta alderdien aitortza hori”. Urratsak egin badira ere, ezinbestekoa iritzi dio herritarrek, herriko alderdi politikoek eta eragileek ekarpena egiteari “krispazioa ez elikatzeko. Aitortzarako eta elkarrizketarako eremua ez dagoen artean, gatazka luzatu egingo da eta hortaz, konponbiderako bidea ere”.
Emakunde eta Arartekoak ere bat egin dute Jaizkibelekin
Manuel Lezartua Arartekoak Jaizkibel konpainiaren desfilean giro ederra topatu duela-eta pozik azaldu da, plastiko beltzen presentziak tristetu duela aitortu badu ere. “Elkarrizketak zabaltzea espero dugu, hainbeste urte pasatu eta gero, hau konpontzeko, honek ez duelako zentzurik. Ahal duguna egingo dugu elkarrizketak lagundu eta alardea mundu guztiarena izan dadin”.
Izaskun Landaida Emakunderen zuzendaria ere bertaratu da “babesa adieraztera Jaizkibel konpainiari, eta aitortza egitera aitzindari izan ziren emakumeei”. Aurretik bide luzea gelditzen dela, baina urratsak egin direla esan du, “eta hori batez ere beren lanari esker izan da”. Aurreko guztientzat bezala, elkarrizketa giltzarria da Landaidarentzat egoerari konponbidea aurkitzeko, eta horren harira, udala osatzen duten alderdi politiko guztiak deitu ditu elkarrizketa hori bultzatzera, “herriaren gehiengoak konponbidea eskatzen duelako”.
Tradizioak giza kohesiorako elementu garrantzitsuak direla esan du Emakundeko zuzendariak, “baina testuinguru zehatz batean sortzen dira eta garai berrietara egokitu behar dira. Tradizioek ezin dute inoiz giza eskubideen gainetik egon, eta erakunde publikoa garen neurrian, guri dagokigu gure esku dagoen guztia egitea eskubide horiek bermatzeko”.