Bidasoa-Irun eskubaloi taldeak larunbatean ekingo dio Asobal Ligari, kanpoan, Villa de Arandaren kantxan.
Bidasoaren sasoi berrirako taldea.
Asobal Liga gogor hasiko da. Bertako hamasei taldeek hiru partida jokatuko dituzte astebetean. Hortaz, Bidasoa Irunek epe horretan mailarik gorenerako jauzia ganoraz egin duen edo ez ikusi ahal izango da. Lehen ondorioak behintzat ateratzeko moduan egongo dira Jacobo Cuetara entrenatzailearen taldekoak.
Ligako lehen partida kanpoan dute irundarrek, larunbatean (20:30ean) Villa de Aranda taldearen kantxan (Aranda de Duero, Burgos, Espainia). Adi. 2015-2016 sasoian Asobaleko seigarren izan ziren Arandakoak, hortaz, hasiera latza dute hori-urdinek. Hala ere, ilusioz joango dira Bidasoakoak lehen garaipenaren bila.
Bigarrena etxean jokatuko dute, hilaren 14an (asteazkenean), 20:15ean. Santanderko Balonmano Sinfín taldearen bisita jasoko du Artalekuk Asobaleko lehen partidan. Aurreko sasoian 13. izan ziren kantabriarrak ligan, hortaz, puntuak lortzeko aukera ona du taldeak.
Hirugarrena, kanpoan, Ademar Leonen etxean (hilaren 19an, 18:00etan). Ordurako puntuen laukitxoan kopuru on bat izan nahiko dute irundarrek.