Kontxa Urdaibai eta Hondarribiaren esku dago. Bien artean, 1,78 segundo. Igandean erabakiko da zein aldera egingo duen urteko bandera preziatuenak.
Hondarribia eta San Juan, atzo euren txandan. Argazkia: bermeoarraun.
Espero zitekeen. Baina gertatu arte, dena da espekulazio. Hondarribia eta Urdaibai hurrengo igandean lehiatuko dira Kontxa nork irabazi erabakitzeko. Ez da egia osteguneko sailkapen estropada, eta igandeko lehen jardunaldia ahaztu behar direnik, baina Kontxa orain bi luzetan soilik dago jokoan, eta 1,78 segundoan. Alde hori atera zion atzo Urdaibaik Hondarribiari. Eta San Juan, berriz, berean tinko: ondo, oso ondo atzo, eta saria ohorezko txanda. Ezin gehiago eska.
Iaz, lehen jardunaldian abantaila lortu zuena Hondarribia izan zen, bi segundo ingurukoa. Aurten alderantziz izan da, Urdaibaik hartu du aurrea, oso motza. Eta iazko emaitza ere jakina da: bizkaitarrentzat bandera, bigarren egunean sendo ibili ondoren. Hortaz, eta udan zehar ikusitakoa kontuan hartuz, bigarren igandea zirraragarria oso antzematen da. Berdeek badute esperantza, datuetan oinarrituta, bandera hilaren 11n herrira eramateko, bertako jaiak, festa bete bihurtuz. Pena
Ama Guadalupekoa ontziak ziabogan bermeotarrekiko zeramatzan bost segundoak mantendu ez izana.
San Juanek ere sekulako estropada egin zuen. Txanda onean zeudela bazekiten arrosek, eta hori baliatu zuten arraunkera tinkoz ohorezko txandaraino iristeko. Saria aparta da arrosentzat, batez ere kontuan hartuz ziabogan bosgarren zirena Joseba Fernandezenak. Bueltako luze izugarri ona egin zuten pasaitarrek.
Laburbilduz, honakoak lehen jardunaldiko denborak. Horiek dira Kontxa markatuko dutenak:
- Bermeo Urdaibai 19:22,48
- Hondarribia 19:26,26
- Kaiku 19:35, 34
- San Juan 19:46,00
- Orio 19:49,14
- Zierbena 19:53,34
- Tiran 19:57,86
- Donostiarra 20:20.90