Duela 80 urte Bidasoa ibaia gurutzatu behar izan zutenei eta euren senideei omenaldia egin diete, Etorbidearen zubian, Irun nahiz Hendaiako udalek.
Kotte Ezenarro eta Jose Antonio Santano Hendaia eta Irungo alkateak zintak jartzen Etorbidearen zubian.
Etorbidearen zubia bezala, Irun eta Hendaia lotzen dituen beste zubietatik ehunka lagun igaro ziren egun hauetan, 1936an, gerratik ihesi. Gaur, 80 urte beranduago, lagun horiei eta euren senideei omenaldia egin diete, Etorbidearen zubian, Irun nahiz Hendaiako udalek.
Bertan izan dira Jose Antonio Santano eta Kotte Ezenarro Irun eta Hendaiako alkateekin batera bi korporazioetako zinegotziak eta talde politikoetako kideak.
Aurreskua dantzatu ondoren, alkateek hartu dute hitza; Santanok, hasteko.
Irungo alkateak udalak eginiko deialdian bezala, irailaren 4ko sutearen ondorioz zubia zeharkatu behar izan zituztenak izan ditu gogoan: “Gaur, gogora ekarri nahi dugu euren etxea utzi eta zubi hau gurutzatu behar izan zutenen mina, larritasuna”.
Edonola ere, 36ko gerra eta Francoren diktadura ere aipatu ditu bere hitzaldian: “Batzuk bueltatu ziren eta errautsak aurkitu zituzten, beste batzuk urteak egin zituzten bueltatzen, eta beste batzuk, berriz, Irun ibaiaren beste ertzetik ikustearekin konformatu behar izan ziren, Francoren diktaduraren erruarengatik”.
Ezenarrok gogorarazi du 36ko gerra uztailaren 18an lehertu ondoren, abuztuaren erdialdean hasi zirela herritarrak Bidasoa ibaiaren beste aldera igarotzen. Era berean, gogora ekarri ditu I. Mundu Gerraren ondorioz, 1914-18 bitartean ibaia kontrako norabidean gurutzatu zituztenak ere: “Ez dugu ahaztu behar zuen historia gurea ere badela”. Elkarbizitzaren aldeko mezua zabaldu du Ezenarrok, eta”Europan egun egiten den lana hobetuz” elkarlanean lan egin behar dela esan du.
Ondoren, lore eskaintza egin dute eta zinta gorriak eta Espainiako II. Errepublikako banderaren kolorekoak jarri dituzte Etorbidearen zubian. Ondoren, udaletako gainontzeko kideen txanda izan da, eta herritar batzuk ere animatu dira gauza bera egitera.