Hegobus autobus publiko zerbitzua Iruneraino iritsiko da, San Juan plazaraino eta Behobiaraino. Txartelen prezioa euro batekoa da. Hendaiatik Lapurdi hegoaldeko hainbat herrietara joateko aukera dute erabiltzaileek
Ordezkari politikoak, gaur, zerbitzuaren aurkezpenean.
Hegobus, Lapurdi hegoaldeko autobus publikoen zerbitzua Iruneraino iritsi da. Bi linearen bitartez hiria eta Hendaia lotuko ditu aurrerantzean. 4. lineak San Juan plaza inguruko geltokia izango du pausaleku hirian; 5. linea, berriz, Behobiaraino iritsiko da. Lehen aldia da errepideko garraiobide publiko batek Bidasoa ibaiaren bi aldeak batzen dituela.
Irundik Hendaiara iritsita (hainbat geltoki daude bertan, tartean bat SNCFren ondoan), Hegobusen beste lineekin bat egiteko aukera izango dute erabiltzaileek, eta adibidez, Donibane Lohizunera, Senperera, Sarara edo Azkainera joateko aukera izango dute.
Urteko egun guztietan izango da martxan, egunez. Txartelaren prezioa euro batekoa da. Urteko sasoiaren arabera, ordea, maiztasun gehiago edo gutxiago izango dute autobusek (informazioa
hegobus.fr webgunean). Horrela, hasteko, Irun (San Juan)-Hendaia lineak 45 minutuko maiztasuna izango du.