Oarso Bidasoko traineruek Kontxa dute bakarrik egunotan buruan. Bihar jokatuko dute sailkapen estropada, 17:30ean hasita emakumeek, 18:00etatik aurrera gizonek.
Hondarribiko arraunlariak, iazko sailkapen estropadan
Bihar (osteguna) jokatuko da Donostian Kontxako Banderan aritzeko sailkapen estropada. 17:30ean emakumeen hamar traineruak hasiko dira zazpi plazen bila, eta ordu erdi geroago, 18:00etan, gizonen 24ak. Oarso Bidasoko traineruak, nola ez, eguneko protagonistak izango dira. Onerako aukeran.
Emakumeetan Hibaika eta San Juan datozen bi igandeetan (11:00etan dira emakumeen estropadak) Donostia-Arraun Lagunak-ekin batera aritzeko faborito nagusi dira. Sasoian biek egin dutena ikusita, biharko lehen eta bigarren postuak eurenak behar lukete, edo behintzat, sailkapena lasaitasunez lortu. Hondarribiak, aurten emakumeen Kontxa zortzi trainerukoa izanik, baditu aukerak Kantauriko bandera preziatuenean parte hartzeko.
Oarso Bidasoko hori ordezkari horiez gain, Zarautz-Getaria, A Cabana Ferrol, Hernani, Orio, Deustu, Colindres eta Cabok parte hartuko dute bihar arratsaldeko sailkapenerako estropadan. Erlojupekoa izango da estropada hori, baina bi txandatan banatua. A multzoan daude sasoian zehar hoberen ibili diren bost traineruak (San Juan eta Hibaika barne), eta Bn beste bostak. Bihar egingo dute zein multzo abiatuko den lehena erabakitzeko zozketa.
Gizonak
Gizonen sailkapen estropada 18:00etan hasiko da. Oarso Bidasoko bost ordezkari izango dira bertan. Zazpi onenen artean sailkatzeko aukera gehien dituena, betiere sasoian egindakoa ikusita, Hondarribia da. Berdeek ez lukete arazorik izan behar berriz ere Kontxako Bandera irabazteko borrokan egoteko. Bigarren koska batean legoke San Juan, sartzeko faboritoen artean beti. San Pedro zalantza: aurten zenbaitetan erakutsi duten bezala arraun egiten badute, moreak ziur Kontxan egongo direla.
Oiartzungo Itsaslapurrek nahiz Hibaikak zail dute aurreneko postuetatik hurbil ibiltzea. Egia da biek ala biek sasoi izugarri ona egin dutela KAE2 Ligan —oiartzuarrak txapeldun izan dira, eta errenteriarrak hirugarren—, baina lehen hamabost onenen artean sailkatzen badira, lan ona.
Oarso Bidasoko traineruekin batera lehian ariko direnak honakoak dira. A multzoan: Astillero, Urdaibai, Cabo, Kaiku, Orio, Portugalete, Tiran, Zierbena eta Zumaia (multzo honetan daude Hondarribia, San Juan eta San Pedro); B multzoan: Castropol, Ares, Puebla, Deustu, Getaria, Isuntza, Ondarroa, Meira, Pedreña eta Zarautz (multzo honetan daude Oiartzun eta Hibaika). Bihar egingo dute zein multzo abiatuko den lehena erabakitzeko zozketa.