Patruilen modalitatean lortu du Klara Olazabalek zilarrezko domina, beste bi palistarekin batera.
Santiagotarrak-eko Telmo eta Klara Olazabal.
Klara Olazabal irundarrak zilarrezko domina lortu du 23 urtez azpikoen Slalom Olinpikoko Europako Txapelketan, C1 patruilen modalitatean. Taldekako lana izanik, Atletico San Sebastian taldeko Miren Lazkanorekin eta Cadi Canoe Kayak taldeko Annebel Van der Knifjekin batera lortu du domina Santiagotarrak taldeko palistak. Berez, hiruek denborarik onena egin zuten, baina bi segundoko penalizazio bategatik Britainia Handiko hirukoaren atzetik gelditu ziren, 33 ehunenekora hain zuzen ere.
Bakarka ere lehiatu zen Olazabal Esloveniako Solkan herrian egin zen txapelketan. Horrela, juniorren C1eko finalean sartzea lortu zuen, baina bertan 50 segundoko penalizazio bat jaso ondoren bederatzigarren postuarekin konformatu behar izan zen.
Telmo Olazabal ere izan zen Eslovenian. Hark K1eko 23 urtez azpikoen finalerdietaraino egin zuen bidea, bertan 13. postua lortuz, hortaz, ez zen finalera iritsi. Lehia horrekin bukatutzat eman du sasoia Telmok.
Klarak, ordea, baditu aurretik proba gehiago: datozen bi asteburuetan Pragan (Txekia) eta Tachenen (Eslovenia) Munduko Kopako proba banatan izango da, Absolutuen Mailan.