GipuzkoAround egitasmoaren helburua da lau egunetan Gipuzkoako 89 herrietan grabazioak egitea. Lau irundar dira proiektuaren buru.
Egitasmoaren lau arduradunetako hiru.
Esana zuten, eta egingo dute. Lau laguneko irundar talde batek hilaren 23tik 26ra grabatuko du Gipuzkoako 89 udalerrietan GipuzkoAround: herrialdeko herri bakoitzean grabazio bat egitea da asmoa, ondoren guztiak batean bildu eta bideo handia egiteko. Grabazioan herrien irudiak nahiz bertako pertsona ezagunak bilduko dira. Maria Rubio, Iker Zaballa, Javier Iribarren eta Iñaki Goikoetxea dira horren guztiaren arduradunak.
Egitasmoa biribiltzeko laguntza badute irundarrek. Hala, Haitzama musika taldea, Aitor Mendiluze bertsolaria, eta Tu Ku Tun elkarteko txalapartariak izango dituzte ondoan. Gainera, Donostia 2016ko Energia Olatuak programaren barruan dago iniziatiba.
Hilaren 23tik 26rako ibilbide zehatza ostegunean (hilaren 21ean) jarriko dute egitasmoaren arduradunek
euren webgunean. Ibilbideaz gain, 89 herrietako zein txokotan egongo diren ikusi ahal izango da atari horretan. Gainera, egitasmoaren gaineko azalpen zehatzak ere lor daitezke webgunean.
‘Dancing In The Basque Country’
GipuzkoAround proiektua ez da hutsetik sortu. Bertan daudenek aurretik badute gisa honetako zereginetan esperientzia. Horren erakusle da
Dancing In The Basque Country bideo ezaguna egin zutela 2010ean: Youtuben 485.000 ikustaldi baino gehiago lortu ditu bideo horrek.