Girabira Irungo parkeetara kultura aisia giroan eramateko jarduera da. Larunbatean da sasoiko lehen saioa.
Udaleko eta talde antolatzaileetako kideak gaurko aurkezpenean.
Girabira egitasmoa, kultura eta aisia Irungo parkeetara eramateko egitasmoa, abian da berriz ere. Uztailetik urrira hainbat saio egingo dituzte, lehena hilaren 23an Soroxarta parkean. Irungo Udalak Ezmugak eta Txikis de Bidasoa elkarteekin elkarlanean antolatu du berriz ere Girabira. Gaur aurkeztu dute egitasmoa, baita aurtengo leloa ere:
Musika, parkeak, ekin!
Batez ere gazteei begirako egitasmoa da, baina gaurko aurkezpenean nabarmendu dutenez, orotariko publikoa joan daiteke saioetara. Eta leloak laburbiltzen du Girabiraren helburua zein den: kultur ekitaldien laguntzarekin hiriko parkeak ezagutzea eta gozatzea, parte hartzearen bidetik. Horrela jakinarazi dute gaur Juncal Eizagirre udaleko Kultura ordezkariak, eta Pia Alzaga nahiz Carlos Sanchez Ezmugak eta Txikis del Bidasoa elkarteetako kideek.
Oraingoz, lau saio antolatu dituzte, bakoitzean gai bat edo arlo bat nabarmenduko dela. Horrela, lehen saioan (larunbatekoan) zirkuarekin harremana duten ekitaldiak egingo dituzte Soroxartan 18:00etatik aurrera.
Beste saioak, honakoak dira:
- Abuztuaren 19an Alai Txoko parkean.
- Irailaren 23an Sargia parkean.
- Urriaren 16an Mendibil parkean.
Larunbatekoaz
Esana dago 18:00etan hasiko dela larunbatean Soroxartan egingo den saioa, zirkua gai duena. Horrela, Armiarma Compagnie eta Ecole d’Acrobatie de Spectacle Arts du Cirque Bidasoko konpainiek girotuko dute eguna, hainbat tailer egingo dituztelarik.
Tailerren ondoren, Comagnie Rag And Bone eta Shakti Olaizola kontorsionistak saioa emango dute.
Musika ere egongo da. Bartzelonako Radio Fabjul taldeak
Granadina diskoa aurkeztuko du, hainbat herrialdetan arrakasta izan ziren abestiak bildu dituzte disko berrian. Ondoren, Elur DJaren emanaldiarekin bukatuko da eguna.
Girabirara doazenek otordua eraman dezakete parkera. Hala ere, pintxo poterako aukera ere egongo da, 2,50 euroan.