San Miguel, EuskoTren, KAE2, eta herrialdeko emakumeen ligetako estropada den-denak irabazi dituzte. Asteburuan beste zazpi lehia daude, tartean KAE2ko Errenteriako?Hiria Ikurrina
Hondarribia, igandean, Eusko Label bandera irabazi eta gero. Argazkia: Josu Z.
Datu objektiboak, emaitzak besterik ikustea ez dago Oarso Bidasoko traineruak Kantauriko onenak direla esateko. Jokoan dauden bost ligetan egin diren estropada guztietatik, 21 orotara, 16 irabazi dituzte. Hori bakarrik ez: Gipuzkoako Txapelketako bi txapelak, emakumeena eta gizonena, bertara etorri ziren ere Hibaikari eta Hondarribia Arrauni esker. Orotara, 23 banderarik 18 irabazi dituzte, beraz, %78a.
San Miguel Ligako bost banderek bertako arraun elkarteek astindu dituzte, lau Hondarribiak eta bestea San Juanek. Berdeak nagusitasun osoa azaltzen ari dira ligan, iaz bezala, eta sorpresa baikor bezala hartu behar da hilaren 3an San Juanek Zierbenak irabazi zuena.
Emakumeen Liga nagusian, EuskoTrenen, bitik bi San Juanentzat, ondoan Hibaika izan dutela beti, koska bat atzerago ordea. Liga horretako, nahiz Gipuzkoako Emakumeen Ligako banderak —sei estropada jokatu dira, Hibaikaren bi garaipenekin eta San Juanen laurekin— euren artean banatuko dituzte.
KAE2n sorpresa: Oiartzungo Itsaslapurrek bogan izan diren estropada guztiak irabazi dituzte. Aurten hobeto ibiliko zirela jakina zen, baina ezusteko zoragarria izan da banderak irabaztearena, lasaitasun osoarekin gainera. Hibaika maila ona ematen ari da kategoria horretan.
KAE1 da banderarik lortu ez den liga bakarra. Hondarribia eta San Pedro B daude bertan, igo berriak dira, eta euren helburua ez da banderak irabaztea, mailari eutsi eta arraunlariak formatzea baizik.
Bihar, Errenteriakoa
Oarso Bidasoan estropada bakarra izango da asteburuan. Bihar jokatuko dute, 17:30ean hasita eta Pasaiako badian, Errenteriako Hiria IV. Ikurrina, Hibaikak antolatua. Antolatzaileak eta Itsaslapurrak izango dira bertan.
Erlojuaren kontrako estropada izango da, eta traineruak zazpina taldeko bi txandatan banatuta lehiatuko dira.
Asteburuko estropadak
Bihar
- San Miguel eta EuskoTren Ligak. Bilboko bandera, 18:00etan hasita.
- KAE1 Liga. Orioko Bixigu Bandera, 13:00etan hasita. Emakumeen Gipuzkoako Ligakoa ere da estropada, baina ez da puntuagarria, EuskoTreneko traineruek Bilbon dutelako lehia.
- KAE2 Liga. Errenteriako Hiria IV. Ikurrina, 17:30ean, Hibaikak antolatua.
Etzi
- San Miguel eta EuskoTren Ligak. Getxoko Ikurrina, 12:00etan hasita.
- KAE2 Liga. Algortako Portuzaharra bandera, 14:00etan.