Eguzkik dio aldundiak Jaizkibel mendian garbiketa lanak egiterakoan hainbat habitat babestu eta monumentu megalitikotan kalteak egin zituela.
Iskulingo trikuharrian, lurra harrotuta.
Gipuzkoako Ingurumen fiskalak Irungo guardiako epailearen aurrean salatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den udazkenean Jaizkibelgo monumentu megalitikoetan eta hainbat habitatean egindako kalteak. Aldundiak eremu horietan hainbat mendi lan egin zituen, Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak esan zuenez, “kalte larriak eraginez monumentu megalitikoetan zein habitat babestuetan”.
Jaizkibelgo Hondarribiko zatian egin zituen lan horiek, sastraka kentzeko lanak zehazki, aldundiak. Eguzkik salatu zuenez, bertako txilardiak “ia ezerezean” utzi zituzten: “Aurretik oso egoera onean zeuden, eta lurraren higadurari aurre egiteaz gain, babesa eta elikadura eskaintzen zizkieten hainbat animalia espezieri”. Txilardi horiek Europako Direktibek eta Eusko Jaurlaritzak babestuta daude.
Txilardien garbiketarako, ordea, makinaria astuna erabili zuten beharginek. Eta horiek eremuko Jaizkibel II harrespilean eta Iskulingo eta Atxinarreko trikuharrietan “kalte larriak” eragin zituen, Eguzkik esan, eta aldi berean epailearen aurrean aurkeztu zuen salaketan agertzen denez.
Talde ekologistak aitortu du zaila iruditzen zaiola gaiak epaitegietan aurrera egitea, baina gertaera horiek “zigorrik gabe” gelditzea ez du bidezkotzat ematen, “gertaera benetan larriak dira”.
Ahal Dugu-ren eskaera
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Podemos-Ahal Dugu-ren taldeak eskatu die Ainhoa Aizpururi eta Arantxa Ariztimuñori, biak ala biak aldundian gaiaren gainean ardurak dituzten ordezkariak, batzar nagusietan agerraldia egin dezatela gaiaren gaineko azalpenak emateko. Taldeak nahi duena da azalpenen bitartez argitu aldundiak zein ardura duen Jaizkibelen egindako kalte horietan, “eta nahi dugu azaltzea ere kalteak zuzentzeko zein neurri hartu diren. Aldundiak honetan duen ardura bere gain hartu behar du”.