Irungo Gazteak Georgian izan dira hilaren hasieran berdintasunaren gaiaren gaineko gogoeta egiten, kirolaren bitartez, Europako beste gazte batzurekin batera.
Egitasmoan parte hartu duten gazte irundarrak.
Kirolariak ekinean, gazteak berdintasunaren alde programaren bitartez Irungo 15-17 adin tarteko hamahiru gazte Georgian izan dira hilaren 5etik 9ra; 11n iritsi ziren Irunera. Jardueraren helburua izan da, kirolaren bitartez, genero berdintasunarekin harremana duten gaiak lantzea, erronkak eta aukerak aztertuz. Georgiako Ureki hirian hango eta Suediako 32 gazterekin elkartu dira irundarrak.
Eztabaida izan da egitasmoaren oinarrietakoa. Irungo Udaletik esan dutenez, “genero berdintasunaren inguruko erronkak, gaiari buruzko sentsibilizazioa eta pertzepzio ezberdinak” konpartitu dituzte: “Era honetako proiektuen bitartez Gazteria arloak beste kulturen ezagutza bultzatu nahi du, autonomia pertsonala eta errespetua bezalako balioak, baita kulturen arteko ikasketa ere”.
Josune Gomez Gazteria ordezkariak aipatu du oso esperientzia positiboa izan dela bai gazteentzat zein arloarentzat, hainbat bizipenekin hirira itzultzeaz gain, Youthpass-arekin etorri direlako: Europako Batzordeak ematen duen ziurtagiria da Youthpass, ikasitakoa egiaztatzeko, eta Europa osoan da erabilgarri.
Antzerako egitasmo bat egingo dute Irunen abuztuaren 22tik 29ra. Letonia, Portugal, Georgia eta Irungo 34 gazte elkartuko dira kultura urbanoen gaineko egitasmo bat aurrera eramateko.