Oporretan dirua aurrezteko aholkuak eman ditu Irungo kontsumitzaileen bulegoak
Aholkuak hegaldietan, ostatu hartzean, otorduak egiterakoan edo kultur bisitetan dirua aurrezteko dira.
- Hegaldiak hartu behar direnean, komeni da konpainien artean prezioen alderaketak egitea. Hala ere, hegaldiak ahalik eta azkarren hartzea gomendatzen du kontsumitzaileen bulegoak, tarte handiagorekin merkeagoak baitira hegaldiak. Azken orduko eskaintzekin adi egoteko eskatu dute.
- Ez da egia hegaldi zuzenak beti direla merkeago. Eskalaren batekin toki batetik besterako hegaldiak merkeago izan ohi dira.
- Hegaldiak hartu nahi dituztenek, oporrak bitartean autoa aireportuetako aparkalekuetan utzi behar badute, komeni da plazaren erreserba aldez aurretik egitea, merkeagoa da. Gainera, ekipaian pisu handirik ez eramatea aholkatu dute, beharrezkoa dena soilik eramatea, maletetan gero eta pisu gehiago izan, gehiago ordaindu behar dutelako erabiltzaileek, batez ere maleta bat baino gehiago eraman behar bada.
- Ostatu hartzearen gainean, kontsumitzaileen bulegoak eskatu die irundarrei etxeen trukearen aukera aztertzea. Hau da, joan nahi den tokiko herri edo hirien begiratu eta etxe trukerako aukerarik dagoen, akordiora iristeko eta trukea adosteko. Gainera, modu horretara harremanak egiteaz gain, bisitatzen den tokia hobeto ezagutzeko aukera legoke.
- Otorduak: tokiko ordutegietara eta jakietara edo sukaldaritzara egokitzea eskatu du bulegoak. Gainera, horiek ordaintzeko orduan kreditu txartelak ahalik eta gutxien erabiltzeko aholkatu du, komisioak egon daitezkeelako.
- Herri eta hirietako monumentu nahiz museoak bisitatu nahi badira, gomendioa da aldez aurretik begiratzea ea horietara sartzeko ordaindu behar den, eta hala balitz, kontsultatzeko asteko zein egunetan diren horietarako sarrerak merkeago edo doan.