Hilaren 13tik 16ra egingo dituzte txapelketaren barruko saioak, Amaia Kultur Zentroan. Luis Mariano omentzeko eta abeslari berriei laguntza emateko lehia da.
Aurreko urte bateko irabazleak.
Hilaren 13tik 16ra jokatuko da Luis Mariano Nazioarteko XIII. Kantu Txapelketa. Gazteentzat txapelketa da, horren helburua baita etorkizuneko artista lirikoei bide ematea eskarmentua lortzeko, eta euren ibilbidea sustatzeko. Horrela, ekainaren 3ra arte zuten izena emateko aukera partaideek: emakumeek 18-32 adin tartekoak behar zuten izan, eta gizonen 20-35 tartekoak.
Txapelketaren saio guztiak Amaia Kultur Zentroan egingo dituzte. Horrela, kanporaketak 13 eta 14an izango dira, 15ean finalerdiak, eta 16an finala. Denak doan dira, finala ezik: 4,10 euro ordaindu beharko dira saio garrantzitsuena ikusteko. Den-denak 19:00etan hasiko dira.
1995an egin zuten lehenengoz txapelketa, Luis Mariano hil eta 25 urtera. Hasieran urtero egiten hasi ziren, baina gerora biurtekoa izatera pasatu zen. Irunen garaile izan direnek aukera izan dute lirikaren munduan bidea egiteko, nazioartera zabalduz.
Aurten ere, antolatzaileek esan dutenez, nazioartetik eta bertatik maila handiko abeslariak iritsiko dira. Nazioartetik iritsiko diren epaimahaiko kideek lan zaila izango dute irabazlea hautatzen.
Sariak ere ez dira nolanahikoak: irabazleak 6.000 euro jasoko ditu, bigarrenak 4.500 eta hirugarrenak 3.000. Epaimahaiak emandako sari berezia (2.000 eurokoa) eta publikoarena ere (beste 2.000 euro) ere izango dira.