20. urteurrena sorpresekin etorri da
Bi gertakizunek baldintzatu dute aurtengo alardea: batetik, Denis Itxasok (PSE-EE) hiriko bandera alarde parekideko Bidasoa konpainiari emateak, eta bestetik, emakumeek gizonen pare desfilatzearen 20. urteurrenak.
Olatz Ugarte (alarde parekideko Santiago konpainiako kantinera): “Egoera normalizatu behar da, bestela alardeak bukatuko du Irungo jendearekin eta Irunekin”. Izaskun Sorondo (EH Bilduko zinegotzia): “Oraindik urrats asko daude emateko alarde bakar eta parekide bat lortu arte, baina ematen den urrats bakoitza positiboa da”. Izaskun Landaira (Emakunde): “Tradizioak giza kohesiorako elementu garrantzitsuak dira, baina ezin dute giza eskubideen gainetik egon. Horretarako elkarrizketa behar-beharrezkoa da, eta udalak paper garrantzitsua bete behar du, elkarrizketarako bide hori posible egin ahal izateko”. Mikel Elizondo (alarde parekidea): “Azkenean lortuko dugu alarde bakarra. Hori batez ere politikarien esku dago; ez dira mugitzen. Beste aldeko emakumeak ere gakoa dira, beraiek ikuspegia aldatzea”. Otxanda Tolosa (alarde parekidea): Nahiz eta hogei urte pasatu, oraindik berdintasuna ez da iritsi Irunera, oraindik emakumeok ezin dugu alarde bakar batean atera. “. Naiara Villaba (alarde parekidea): “Harro gaude 20 urte eta gero hemen egoteaz. Gaur, adibidez, amets bat betetzen ari naiz, txikitatik aizkorarekin ateratzea izan baitut amets”. Marimar (alarde parekideko): “Geroz eta babes gehiago du parekideak, eta belaunaldi berriak ere beste chip bat daukate. Iritsiko da garaia beteranoak atzean geratuko direla, etorkizuna gazteen esku dago”. Ana Castellanos (alarde parekideko ikuslea): “Lehen urtea da tokirik ez dagoela, eta hori geroz eta babes gehiago izaten ari garen seinale da”. Jose Antonio Santano (Irungo alkatea): “Alardea ulertzeko modu ezberdinak daude kalean eta hori normaltasunez bizi da. Irun etsenplua da zentzu horretan. Jaia ulertzeko modu ezberdinak ziur daudela beste tokietan ere, baina zer da garrantzitsuena? Kanalizatzen jakitea eta elkar errespetatzea, eta hori lortu da Irunen”. Denis Itxaso (jarduneko ahaldun nagusia): “Irun eta bere festa maitatzen dutenek ireki behar dute elkarrizketarako bidea, eta adostutako edozein konponbidek egungo egoera hobetu behar du, elkarbizitza eta berdintasuna bultzatzeko. Gizarteak eta erakundeek ahaleginak egin behar dituzte”. Ainhoa Beola (EH Bildu): “Berandu izan arren, pausu bat da eta baloratzen dugu [Denis Itxasoren parte hartzeari buruz]. Sinetsi nahi dugu EAJ-PSEk osatzen duten gobernuaren aldetik jarrera aldaketa bat dagoela alardeekiko eta berdintasunarekiko, eta horrela izango dela etorkizunean ere”.