Hasi dira San Pedro eta San Martzial Jaiak ofizialki Irunen.
San Joan Sua, San Martzial Jaien hasiera.
Hasi dira San Pedro eta San Martzial Jaiak ofizialki Irunen. Hemendik aurrera, bederatzi egun izango dituzte irundarrek festez gozatu eta haietan dena emateko.
Festa pregoia eta suarekin batera etorri zen atzo, San Juan bezperan. 20:45 pasatxoan atera ziren Kemen Dantza Taldeko kideak aurreskua dantzatzera, eta San Joan Sua piztu aurretik, haren inguruan ibili ziren dantzan. Bien bitartean, udaletxe barrualdean, Santiagotarrak elkarteko kideak sortzaileetatik hasi eta gaur eguneko zuzendaritzara arte, berriketan ari ziren luntxa baliatuz. Aurretik, udalaren aitortza jaso zuten 50 urteurrenaren harira.
Olatz Zabala egungo presidentearen arabera, oso polita izan zen, denak elkartu zirelako ekitaldian. Batik bat elkartearen sorrera bultzatu zutenentzat hunkigarria izan zela esan zion HITZAri.
21:30ean puntuan ireki zituzten balkoiko ateak, eta Jose Antonio Santano alkatea, Zabala bera eta Antxon Arellano presidenteordea irten ziren pregoia irakurtzera. Santiagotarrak elkartearen ibilbidea errepasatu zuten, bere baloreak eta lana jakinarazi, eta azkenik elkarteko ateak irekita dituztela esan zieten irundarrei.
Ondoren, denak San Juan plazara jaitsi ziren. Arkupeetan geratu ziren agintariak, eta Santano hurreratu zen plazaren erdigunera, sua piztera.
Inguruan zeuden herritarrak begira, eta gauza txarrak erre eta gurari berriak eskatu zizkioten. Plazaren beste aldera begira zeuden beste batzuk. Izan ere, gazte batzuk euren abileziak erakusten ari ziren San Juan zuhaitza igotzen.