Gipuzkoa Zutik mugimendua herrialde osoan hedatzen hasi da. Tartean, Irun, Oiartzun edo Errenteria-Oreretara.
Lakaxitak babesa eman dio Gipuzkoa Zutik mugimenduari.
Pertsona animalia soziala da, eta elkarren arteko harremanek osatzen dute gizartea, eurek adosten dituzte indarrean egongo diren arauak. —Ustezko— gizarte horizontaletan arau horiek adosteko tokia izan dira plazak. Hasi agora grekoetatik, pasa erromatarren garaiko foroetatik, gaur egungo plazetan bukatzeko.
Gipuzkoan mugimendu bat loratu zen duela hilabete eskas. Maiatzaren 29an Zubietako errauste plantaren kontra Donostiako Onkologikoa eta Gipuzkoa plaza lotu zituen giza katearen ondoren, helmugan kanpaldia ezarri zuten hainbat lagunek, aldundiaren aurrean. Errauste planta ikur duen gizarte eredua eraldatzeko mugimenduaren sorrera zen. Gipuzkoarren %99 bildu nahi du, boterea pilatzen duten %1aren aurrean, eta interes ekonomikoen gainetik jartzen ditu pertsonen osasunarena.
Ordutik hainbat aldiz kanporatu ditu poliziak Gipuzkoa plazatik, baita Donostiako Bulebarretik edo beste hainbat tokitatik. Hala ere, iragarri bezala, “uraren moduan” euren aldarria toki askotara iritsiko da.
Eta gandorra zut duen olatu hori Gipuzkoako hainbat txokotara iritsi da. Tartean, Oarsoaldeko bi udalerritara. Orereta Zutik eta Oiartzun Zutik taldeak sortu dituzte mugimenduaren hedapen horretan.
Oiartzunen astelehenean bertan egin zuten estreinako batzarra, Doneztebe plazan. Lantaldeak osatu, eta hurrengo egunean bertan “bizitzaren aldeko” aldarriak zituzten pankarta eta kartelak auzoetan jarri zituzten.
Horrez gain, herritarrei lehenengo deialdia egin zieten atzo arratsalderako. Herriko plaza nagusian egin zen San Joan suaren inguruko dantza eta musika festara gas toxikoen kontrako maskarekin joateko eskatu zieten, errauste plantaren kontra protesta egiteko eta, hitz jokoa eginez, “sutan” daudela adierazteko.
Toponimoarekin batera Zutik abizena daraman mugimendua iritsi den Oarsoaldeko beste udalerria Errenteria-Orereta da. Asteartero biltzen dira plaza handiena den Gamon Zumardian, 19:00etan.
Pasa den asteartean egin zuten hirugarren batzarra. Aurreko bi batzarretan esandakoari errepasoa eman zioten, asanbleara gerturatu ziren aurpegi berriei ezagutarazteko.
Arazoak seinalatu
Errauste plantaren aurkako borrokak hezurmamitu du Zutik mugimendua. Horrela, Errenteria-Oreretan egon daitezkeen arazo lokalei ere arreta jarri behar zaiela mahaigaineratu zuten bertan zeudenetako batzuk, San Markoko transferentzia plantarena horren adibide bezala jarriz. Beste hainbat gai ere jorratu zituzten, baina errausketaren gaia lantzea adostu zuten gehiengoagatik.
Beste batek erroetara joan eta kapitalismoari egotzi zion errua, eta eredu hori borrokatu behar zela. Inork ez zion kontrako argudiorik eman.
Eztabaidak eztabaida, ekintzara pasatzeko hautua hartu zuten. Horrela, errauste plantari helegitea jartzeko sinadurak jaso zituzten atzo arratsaldean, gaur bukatuko baita emendakinak aurkezteko epea.
Horrez gain, aurrera begira, udalerriko hainbat txokotan informazio puntu finkoak jartzea aztertu zuten.
Lakaxita, Irunen
Bidasoa eskualdea ere zipriztindu du Zutik mugimenduak. Irungo Lakaxitako kideek elkartasuna adierazi zieten, pasa den astean, Donostian bilduta zeudenei.
Horrez gain, errauste plantaren aurkako hainbat kartel eta pankarta ere jarri dituzte hiriko kaleetan.