Ia 2.000 lagun elkartuko dira, Betti Gotti elkarteak antolatutako ekitaldian.
Sanmartzialak dagoeneko ezin dira ulertu Betti Gottik antolatutako herri bazkaririk gabe. Dagoeneko zortzigarren ekitaldia du, eta jaietako zita jendetsuenetako bat bihurtu da, 1.800 lagun elkartuko baitira jai giroan bazkaltzeko. Ia dena prest dago Ficoban, bihar kuadrilla uholdea jasotzeko. Uholde berdea izango da aurtengoa, kolore horretako zapiak erabiliko dituztelako bazkarirako.
Bilgunea, ohi bezala, Urdanibia plaza izango da. Joan den astean Kuadrillen Olinpiadetako finalerako sailkatu zirenek, indarrak hartuko dituzte, hamaiketakoarekin, eta 11:15ean hasiko da final handia. Pixkanaka, herri bazkarirako girotzen hasiko dira, eta 13:15ean, kalejira abiatuko da Peña Poteo eta Abiyuanekin, Ficobara. 14:15ean jarri dute ordua bazkarirako.
Tripa ondo bete ondoren, festak ez du etenik izango, eta Haitzama taldea nahiz DJek dantzan jarriko dituzte guztiak. Ondoren, berriro bueltatuko dira erdialdera, kalejiran, Burrunba txarangarekin.
Ficoba beteko dute iaz bezala:?bi pabilioietan bazkaria egingo dute adinka banatuta —24 urtetik gorakoak batean eta beherakoak bestean—, eta hirugarren pabilioi bat baliatuko dute dantzaldirako.
Bazkarian zehar, eta gero, errespetua eskatu diete kuadrillei. Antolakuntzako hainbat boluntario lanean ariko dira, eta horiei lana errazteko, hola nola, bazkarian zehar ez zutik jartzea, janaririk ez botatzea eta argibideak jarraitzea eskatu dute.
Urte hauetan guztietan herri bazkaria Ficoban izan den arren, Betti Gottiren asmoa herrian egitea izan da beti, eta datorren urtean herrian egiteko «asmoa eta ilusioa» dituela jakinarazi du. Bide horretan, Irungo Udalari babesa eta laguntza eskatu dio.
Kamiseta onenek, saria
Urtero bezala, kuadrillek egiten dituzten kamisetek saria izango dute, eta aurten bandera eta pankartak ere kontuan izango dituzte. Lan onena aukeratzeko garaian orijinaltasuna balioan jarriko dute, eta noski, mezuak euskaraz izatea.