Bederatzi ideia, jaiei zukua ateratzeko
Alardea izango da askorentzat egun handia, baina horrez aparte badaude beste zenbait aukera ere festez gozatzeko.
-
Gazte gunea.
Bada adin bat, haurrentzako ekitaldiak txiki eta helduentzakoak handi geratzen direla, eta gazte horiei begira, Gazte gunea prestatuko dute Uranzu frontoian. Bihar, etzi eta astelehenean egongo da martxan. Lehen egunean, Batujai egingo dute, eta Zozongo taldearen eskutik batukada tailerra egingo dute. Bigarren eguna, Urban Day izango da, eta hip hop taldeak entzuteko aukera izango da: La Basu, Aneguria, DJ Ibai eta Laipikoklika. Kontzertu handia Rush Blacka & Jotamayuscularen eskutik iritsiko da. Azken eguna Media & Musik izango da: batetik, skate eta youtuber tailerrak egingo dituzte, eta bestetik, Burundanga eta Lauroba taldeek kontzertu bana eskainiko dute. -
Adinekoen bazkaria.
Astelehenean, hilak 27, izango da etxeko helduenentzako bazkaria, Ficoban. Doan izango da, baina 700 lagunentzako tokia dago. 14:00etan hasiko da, eta txu-txu trenean joateko aukera izango da. 12:30ean hasiko dira tren horiek ateratzen 13:40ak arte, Bixera zenetik. Bueltatzeko ere trenak izango dira, 17:00etatik hasi eta 19:00ak arte. -
Urdanibia plazako kontzertuak.
Hiru egunetan, Urdanibia plazan jaietako talde handi eta ezagunenak entzun ahal izango dira. Bihar, Descanso Dominical (Mecanoren bertsioak jotzen ditu) taldea entzuteko aukera izango da 23:30ean, eta asteartean, hilak 28, Efecto Pasillo, 00:30ean. Aurretik, Sangre de Mono eta Bad Sound System taldeek joko dute, hurrenez hurren. Atzo, Kulto Kultibo eta Vendettak jo zuten. Kontzertu horien erabakia irundarren esku egon da, aurretik udalak egindako aukeraketa baten ostean. -
Txosnak.
Sanmartzialetako beste festa gune bat txosnak izango dira. Asteazkenean ireki zituzten, eta uztailaren 2ra arte martxan egongo dira. Aurten egindako zozketan elkarte hauei egokitu zaie txosna jartzea: Ramuntxo Trinkete Kluba, Pausu Media Elkartea, Santiagotarrak, Mondragon Unibertsitatea, Emakume eta Zinea eta Elatzeta Kultur Elkartea. Aurten, aurretik ez bezala, zerbait berria aurkituko dute txosnetan tragoa eskatzen dutenek: edalontzi berrerabilgarriak. 12.000 jarriko dituzte eskuragarri, honako leloarekin: San Martzial garbiak. -
Zarimutzak.
Egitarau ofizialetik kanpo ere badira ekintzak Irunen, eta horren adibide dira Zarimutzak, herriko gazte talde batek antolatutako jai alternatiboak. Jai egun bakarra 30a ez delako lelopean, aurtengo Zarimutzak etzi egingo dituzte alde zaharrean. 12:00etan, txupinazoa izango da; ondoren, triki poteoa; 14:00etan, bazkaria Hazia elkartean; segidan, jokoak Artalekura bidean, eta azkenik, 19:00etan, jaitsiera, txarangarekin. -
San Martzialera igoera.
Kirolak ere tartea izango du musika eta festa giroaren artean. Padel, squash, futbol 7 eta pala egokituko partidak jokatuko dira, baina bihar, zita garrantzitsuenetako bat San Martzialera igoera izango da, BAT Bidasoa Atletiko Taldearen eskutik. Proba klasikoa da jada jaietan, eta 3,6 kilometro egin beharko dituzte maldan gora korrikalariek. 18:00etan hasiko da, eta egunean bertan ere izena eman ahal izango da, 12 euroan. -
Festan Blai.
Gazteek festak euskaraz goza ditzaten sortutako jarduera da, eta Jenaro Etxeandia plaza baliatuko dute horretarako. Bihar, etzi eta astelehenean Josu Rodriguez DJa (Gutagutarrak saioan musika jartzen aritzen da), DJ Ainara eta azken egunean, Oraitz Garcia (DJ Bengoarekin ibiltzen da) entzuteko aukera izango da. Besteak beste, esaldien jokoa egingo dute gunean, eta partaideek sariak eskuratzeko aukera izango dute: betaurrekoak, txapelak eta koloretako eskumuturrekoak. -
Haurrentzako feriak.
Gazte eta helduez gain, haurrek ere izango dute beraientzako eskaintza, eta feriak izango dira gozagarri nagusienetako bat. Hainbat gunetan egongo dira: Ficoban (jai guztietan zehar), Katea, Anaka, Behobia, Palmera Montero eta San Migel auzoetan, eta Belaskoenea eta Eguzkitza ikastetxeetan (egun ezberdinetan). -
Hazia.
Elkarteek ere badute sanmartzialetarako eskaintza, eta Hazia horren adibide da: egunero zer ospatu izango da. Bazkari eta afariak emango dituzte, baina musika ere ez da faltako, bi gauetan, gaur eta uztailaren 1ean.