San Miguel Liga igandean hasiko da Sevillan, Hondarribia,
San Juan eta San Pedrorekin; Emakumeen Gipuzkoako Ligaren lehen estropada Hondarribian egingo dute, etzi ere.
Bi bandera jokoan izango dira asteburuan Mutrikun
San Miguel Liga marka, eta Euskal Autonomia Erkidegoko turismo baliabideak ezagutarazteko, aurten ere Kantauri itsasotik kanpo hasiko da traineruen liga nagusia, San Miguel Liga. Azken urteetan bezala, Hondarribia, San Juan eta San Pedrok parte hartuko dute liga horretan. Sevillan, han behean, Guadalquivir ibaiko eremuan emango dituzte lehen palakadak Oarso Bidasoko hiru traineruek eta gainontzeko bederatziek. Igandeko 12:00etan hasiko da ligen sasoi ofiziala. Liga horretako hemeretzi estropada puntuagarrietatik lehena izango da (hurrengoa uztailaren 2an da).
Aukerak, asko. Batetik, Hondarribia da La Caixa koroa irabazteko faborito nagusienetakoa. Iaz lasai asko irabazi zuen liga Mikel Orbañanosen taldeak, eta arraunlari multzoan aldaketa gutxi izan direnez (bi arraunlari joan dira, lau etorri), ziur berdeen bloke sendoak gorenean jarraituko duela. Etxeko kirolariek osatzen dute batik bat taldea.
Bloke nagusia edo arraunlari garrantzitsuenen multzoa ere mantendu du San Juanek, sei arraunlari joan eta beste sei etorri direlako negu partean. San Miguelen bosgarren izan ziren arrosak iaz, eta aurten euren helburuak izan beharko luke ahal den denetan ohorezko txandan egotea, lau lehenen artean sailkatzea.
San Pedrok izan duen aldaketarik nabarmenena entrenatzailearena izan da. Aitor Baldak trebatutako taldea Mikel Arostegik jaso du, garantiazko kirolariak ditu, eskarmentudunak eta gazteak tartekatuta. Iazko zortzigarren postua gainditzeko moduan dago Libia, baina horretarako estropadaz estropada borrokatu beharko dira moreek itsasoan.
Zaleak ondoan
Sevilla aldean ez dira bakarrik egongo arraunlariak. Hitzak jaso dituen datuen arabera, bai Hondarribitik zein Donibanetik bidai antolatuak prestatu dituzte Andaluziako hiriburuan asteburu pasa egiteko, eta tartean estropada ikusteko.
Estropadaz gain, Euskadi Basque Country banderaren inguruan hainbat ekintza osagarri prestatu dituzte antolatzaileek. Beraz, zale hutsak baino, bertako arraunaren eta ohituren enbaxadore izateko aukera izango dute haraino doazen herritarrek. Ikusle soil baino, ziur nahiko dutela festaren partaide izan, bandera Bidasora edo Oarsoaldera ekarriz.
San Miguel Ligako estropadak Oarso Bidasoan honakoak dira: uztailaren 30ean San Pedron eta abuztuaren 20an Hondarribian.
Emakumeen liga
Emakumeen Gipuzkoako Liga ere asteburu honetan hasiko da, Hondarribian: etzi (18:00etan) dute lehen estropada Hibaikak, San Juanek, eta Hondarribiak. Orotara, herrialdeko ligak hamalau jardunaldi izango ditu.
Horretan nabarmen dira faborito Hibaika eta San Juan. Aurreko bi urteetan bezala, ziurtzat eman daiteke ikuskizun handia emango dutela bi traineruek, elkarren kontrako lehia historikoa beste urtebetez luzatuko baita. Lehen lehiak Gipuzkoako Ligakoak izango dira, baina EuskoTrenen ere elkar ikusiko dute (San Juan horretarako sailkatua dago, Hibaika oraindik ez).
Hondarrribiak, hainbat urteko geldialdiren ondoren, aurten berreskuratu du berriz ere emakumeen trainerua. Euren helburua esperientzia hartzea izango da, trebatzea, ikastea, eta borrokatzea. Hurrengo urteetan jasoko dute aurten egindakoaren uzta.
Bihar, KAE1
KAE1 Liga bihar hasiko da Deustun, 17:00etatik aurrera. Bilbo Udaleko Bandera jokoan, Hondarribiko bigarren trainerua ariko da han lehian, baita San Pedro B ere.