BAT Bidasoa Atletismo Taldearen emakumeen taldea estatu mailako atletismo talde onenekin arituko da lehian hurrengo sasoian, asteburuan mailaz igo delako.
BATeko emakumeak, Burgosen.
Igoera historikoa. Horrela definitu dute Super Amara Bidasoa Atletismo Taldeko (BAT) kideek emakumeen taldeak lortu duena: asteburuan, Burgosen, Espainiako Ohorezko Mailan aritzeko, hau da, estatu mailako atletismoaren mailarik gorenean aritzeko eskubidea lortu dute. Igo dira, merezimenduz eta ohorez gainera, Lehen Mailako txapeldun izanaz. Hiru urtez egon dira helburu hori lortzekotan, eta aurreko urteetako frustrazio guztiak kendu zituzten asteburuan. Zorioneko dago azken asteotan Irungo kirola.
Orotara, 20 kirolariko taldeak lortutako puntuei esker dago gorenean BATen emakumeen taldea: bost senior, sei promesa, bost junior eta beste laurak Gazte Mailakoak. Horiek, egin ziren 20 probatan, bost garaipen eta beste bost bigarren postu lortu zituzten, hori izan zen igoeraren giltzarria. Atletismo jardunaldietako pasarte batzuetan bigarren postura jaitsi baziren ere, azkenean, lehenengo postua eskuratu eta zerua ukitu zuten.
Hala, sailkapen nagusian, irabazle izan ziren emakume irundarrak 111,5 punturekin. Bigarren Elche taldea sailkatu zen (110), eta hirugarren, berriz, Alcorcon (97).
Garaipenak, euren kategorietan, Malen Ruiz de Azuak, Tamara Perezek, Teresa Errandoneak, Eneritz Bustok eta 4x100ko taldeak lortu zituzten, eta bigarren postuak Teresa Zaraguetak, Pinar Polok, Garazi Castañaresek, Clara Viñarasek eta Nerea Oiartzabalek. Hirugarren postu bat ere izan zen, Maider Rekondok lortutakoa. Nerea Arregi, Yaiza Cristobal, Iosune Etxepare, Tamara Perez, Nahia Vicente, Marina Elosegi, Saray Arozena, Joana Arginzoniz, Ane Igiñiz, Ane Galardi eta Ana Gomez ere taldearen partaide izan ziren.
BATeko kideek eskerrak eman dizkiete taldearen familia osatzen duten guztiei (kirolariak, entrenatzaileak, taldearen buruak, familiak) nahiz harrobiko talde diren Lasarte, Portugalete, La Blanca eta Haurtzarori.
Ostegunean, 19:00etan, udalak harrera egingo die emakumeei lortutako igoeragatik. Zorionak eman dizkie alkateak: “Arrakasta historikoa izan da. Hiria harro dago zuetaz”.
Gizonek helburua bete dute
Gizonen taldeak, bestalde, helburu bakarra zuen: Lehen Mailatik ez jaistea. Madrilen jokatu zen probara justu samar iritsi arren, zaila zen helburu hori bete zuten, eta beste urtebetez Espainiako Estatuko atletismoaren bigarren maila denean ariko dira irundarrak. Asko borrokatu zuten gizonek igandeko jardunaldian laugarren izateko, hortaz, mailari eusteko behar zituzten puntuak lortzeko.