Bidasoko Gure Esku Dago-k atzoko Eskuen Egunaren balorazio baikorra egin du, eta mezu garbia zabaldu: "Herritarren garaia da".
Herritarrak, eskuak gora, Zabaltza plazan
Gure Esku Dago-k deituta, Eskuen Eguna egin zuten atzo Bidasoan. Erabakitzeko eskubidea kalera ateratzeko iniziatiba izan zen, hiru zutabekoa: Hondarribitik, Hendaiatik eta Irungo Katea auzotik giza-kate bana abiatu zen Irungo Zabaltza plazarantz, han, ekitaldia egiteko. Antolatzaileek esan dutenez, 1.500 pertsonak parte hartu zuten jardueran; antolakuntzan beste 100 egon ziren. Zabaltza plazan egindako ekitaldian behin eta berriz ideia bat nabarmendu zuten hizlariek: “Herritarren garaia da”.
Txarangak, joaldunak, koral koloreko elastikoak… Aldarrikapena eta festa, erabakitzeko eskubidearen aldarria eta irribarreak. Horiek izan ziren atzoko egunaren osagaiak. Baina mezurik ere izan zen. Horiek Zabaltza plazan zabaldu zituzten. Horrela, Zelai Nikolas Gure Esku Dago-ren eledun orokorrak hitza hartu zuen esateko joan den asteburuan Euskal Herriko 34 herritan egin ziren galdeketak “lehen olatua” izan zirela, hau da, beste herriei dagokiela orain bide hori hartzea, “erabakitzeko eskubidea gauzatzea”.
Joaldunekin iritsi ziren giza kateak Zabaltza plazara
Bidasoko Gure Esku Dago-ren izenean Elena Berazadik, Mikel Mariskalek eta Ihintza Ostolazak egin zuten hizketaldia. Haien mezuan nabarmendu zuten Bidasoko hiru herriak “galdeketen olatura gehitzeko” baldintzak bete daitezen iniziatiba herritarrek hartu behar dutela, “adostasunak eta markoak eraiki behar dituzte”. Atzoko egunarekin urrats handia egin zela adierazi zuten, eta epe motzera “erronka berriak zehazteko eta konpromisoak hartzeko” garaia dela nabarmendu.
Behin eguna pasata, Bidasoko Gure Esku Dago-k egunaren “oso balorazio positiboa” egin du.
Ikusi Hondarribiko zutabeko argazkiak
Ondoko argazkiak atzokoak dira,
Angula Berriak HITZAri utzitakoak.