Hiru zutabe abiatuko dira Hondarribia eta Hendaiako espigoietatik eta Katea auzotik. Ekitaldi nagusia Irungo Zabaltza plazan egingo dute 12:30ean
Eskuen Eguna egingo dute igandean Irun, Hondarribia eta Hendaiako Gure Esku Dagoren (GED) taldeek antolatuta. Erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazio eta jai handia izatea nahi dute antolatzaileek igandekoa, eta horretarako hiru zutabe “koloretsu eta animazioz betetakoak” abiatuko dira hiru herrietatik, eguerdian Zabaltza plazan batzeko. Bertan izango da eguneko ekitaldi nagusia.
Erabakitzeko eskubidearen alde hamarnaka bidasoar bildu nahi ditu dinamikak, eta bide batez, aurreko igandean Euskal Herriko hainbat herritan egindako galdeketen olatuarekin bat egin. Bidasoan 2018ari begira jarri dira. Bidasoko Gure Esku Dagok hor du jarrita-eta helmuga. Baina bidean indarrak neurtu nahi ditu. Etziko ekitaldia termometro paregabea izango dute bidasoarrek.
Parte hartzaile kopururik ez dutela zehaztu esan du Ander Errazkinek, Irungo Gure Esku Dago dinamikako kideak, “gure asmoa 2014an nazioan egindako lehen giza katean parte hartu zuten bidasoarrak biltzea da. Orduan, Irun, Hondarribia eta Hendaiatik 2.000 lagun inguru joan ziren giza katera”. Jende hori guztia, “eta ahal balitz gehiago” batu nahi dute orain igandeko ekitaldian Bidasoko herrietako kaleetan.
Gizartearen aktibazioa
Jendartean “giro handia” sumatzen dela gaineratu du Errazkinek, “kamiseta asko saltzen ari gara, eta badirudi jende asko bilduko dela Eskuen Egunean”. Irundarrek, eta oro har bidasoarrek ekitaldiarekin bat egitea garrantzitsua dela esan du GED-eko kideak: “Guk ere batu egin nahi dugu Euskal Herrian sortu den herri galdeketen olatura, erabakitzeko bide horretara, baina kontziente gara gure herrian ez dagoela oraindik adostasun, harreman eta indar nahikorik galdeketa antolatzeko epe motzean”.
Horren harira Irungo jende esanguratsuak dinamikarekin bat egiteari garrantzia eman diotela gaineratu du Errazkinek: “Garrantzia handiagoa du, ordea, gizartearen aktibazioak. Dinamika honekin bat egitea ezinbestekoa da. Horregatik ikusten genuen beharrezkoa mobilizazio handi bat gure kaleetan antolatzea, beste erronka handiago batzuei ekin baino lehen”
Aurretik, “erabakitzeko eskubide politikoa” dutela aldarrikatzeko hainbat ekimen antolatu dituzte.
Adibidez, Irun eta Hondarribian erabakitzeko eskubidearen gaineko adierazpenak egin zituzten joan den larunbatean. Irungo kasuan, ia 300 pertsona ezagunek egin zuten bat Oiasso museoan. Hezkuntza, politika, kultura, kirola… arlo ezberdinetakoak, erabakitzeko eskubidearen bueltan batu ziren. Olatu bera hartu dute hondarribiarrek. Horiek ere ekitaldia egin zuten joan den larunbatean.
Joan den larunbatean Atxikimendu jaia egin zuten Hondarribian
Plurala izan zen Hondarribikoa ere, eta bertan izan ziren herriko hiru alderdi nagusietako ordezkariak (EAJ, Abotsanitz eta EH Bildu). 2018an beraiek erabakiko dutela esan zuten ekitaldian, eta data horri begira jarraitzen dute lanean.
Igandeko iniziatibarekin bat egitera deitu ditu Bidasoako Gure Esku Dago dinamikak eskualdeko herritar guztiak. Irungo Zabaltza plaza bete nahi dute.
Eskuen Eguna
10:00: Mugaz gaindiko bertso saioa eta txupinazoa.
- Hondarribia: 10:00etan espigoian elkartu eta 10:15ean Butroitik abiatuko dira. 11:00etan Amutetik pasatuko da martxa, 11:15ean Mendeluko biribilgunetik, eta 12:00etan Zabaltza plazan amaituko da.
- Hendaia: 10:15ean espigoiko aparkalekutik abiatuko da martxa. 10:45ean Herriko Etxetik pasatuko da, 11:00etan Santiago zubitik, 11:30ean Irungo epaitegitik, eta 12:00etan Zabaltza plazan amaituko dute.
- Katea (Irun): 11:00etan Landetxa-Katea auzo elkartetik abiatuko da martxa. 12:00etan amaituko da Zabaltzan.
12:30: Guztien artean hautetsontzi erraldoia osatuko dute. Ondoren parte hartzaile guztiekin argazki erraldoia egingo dute Zabaltzan.
14:30: Herri bazkaria.