Bidasoa-Irunek Asobal Ligarako bidean, igoerako play offak jokatuko ditu bihar eta etzi, etxean, Artalekun. Asi da giroa sumatzen.
Aukerak baditu, asko, baina hotz mantendu behar dira. Bidasoa-Irunek Asobal Ligara igotzeko lauko finala jokatuko du bihar eta etzi, asmo bakarrarekin: bi partida irabazi, hortaz, mailaz igo. Lehen urratsa, biharkoa. Eguneko lehen finalerdian Alarcos Ciudad Real izango dute aurrean irundarrek, 18:00etan hasiko den partidan. Eta kantxa, aski ezaguna: Artaleku da play-offaren etxe. Irabaziz gero, igandean finala (16:00) jokatuko lukete irundarrek, eta hura kontrarioa baino gol bat gehiagorekin bukatuz gero, zerua.
Hortaz, adi: Irun hori-urdinez jantzita dago egunotan, euforia giroa ere antzeman daiteke igoeraren hurbiltasunagatik. “Festa giroa dago”, esan zuen herenegungo agerraldian Jose Angel Sodupe taldearen presidenteak; baina hotz mantendu behar dira Fernando Bolearen jokalariak. Faktore horiek aldeko bihurtu behar dituzte baldin eta ametsa zapuztu nahi ez badute. Baina lehiari errespetuz ekingo diotela ere nabarmendu zuen Sodupek, kantxa urdinean irabazi behar dela handienen artean jokatzeko eskubidea alegia, ez beste inon.
Aurrekariak. Biharko finalerdiko aurkariarekin ligan jokatutako bi partidak irabazi ditu Bidasoak: 34-28 etxean, 29-30 Ciudad Realen. Beste finalerdia Palma del Rio eta Zamora taldeek jokatuko dute (bihar, 20:00etan). Bi horiekin ligan jokatutako lau partidetatik hiru irabazitakoa da talde irundarra; Palma del Rioren kantxan bakarrik galdu zuten horiek (27-21, iazko azaroaren 1ean).
Giroa, bero
Horiek zenbakiak. Badute esanahia, baina zentzua kantxan eman behar zaie. “Faborito garela pentsatzeak ez gaitu inora eramaten. Hirugarren play-offa dugu, eta egin behar duguna da aurretik egindako okerretatik ikasi, eta igotzen saiatu”; zuhur, Jose Angel Sodupe.
Sodupek bere adierazpenak zain ditzake, baina ezin du kontrolatu hirian dagoen ilusioa. Adibidez, lauko finalerako 1.500 abonu saldu dira (2.200eko edukiera du Artalekuk), gehienak irundarrek hartu dituztela. Eta bihar, 16:15ean, eta Urdanibia plazatik, kalejiran joango dira bidasoarrak Artalekuraino hiriari giro gehiago emateko. Behin kiroldegian, 18:00ak aldera, jarrai dezala festaren lehen zatiak.
Bidasoa-Valladoliden arteko partidaren atsedenaldia. (Argazkia: CD Bidasoa)