Gizarte ongizate alorrean lanean ari diren irabazi asmorik gabeko elkarteek kudea dezakete diru laguntza.
Irungo gizarte jantokia.
Bosgarren urtez, gizarte ongizate alorreko jarduerak eta programak burutzeko diru laguntza poltsa prest du udalak. Orotara, 61.176 euro bideratu ditu zeregin horretarako, bi lerrotan banatuta: 38.956 euro izaera orokorreko jardueretarako, eta 22.220 behar edo gizarte bazterketa arriskuan dauden irundarren oinarrizko beharrei erantzuteko jarduera espezifikoetarako.
Diru laguntza horiek eskatzeko epea zabalik dago, hilaren 8ra arte. Irabazi asmorik ez duten elkarteek egin ditzakete eskaerak. Horiek Herritarren Arretarako Zerbitzuaren (HAZ) bulegoan egin daitezke. Argibide gehiago jasotzeko edo zalantzak argitzeko 010 telefono zenbakira dei dezakete elkarteek; Irungo Udalaren webgunean aurki daitezke deialdiaren oinarriak eta eranskinak.
Bi lerroak
Lehen lerroa, izaera orokorreko jarduerena, gizarte sustapena eta gizarteratzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, inmigrazioa eta aniztasunaren kudeaketa eta gizarte osasun esparrua laguntzeko da.
Bigarrena, berriz, oinarrizko beharrei aurre egiteko da: janaria, higienea, arropa… Sergio Corchon Gizarte Ongizate arloko ordezkariak esan duenez, laguntza lerro berezia da honakoa, “jasaten ari garen krisi ekonomikoaren ondorioz” sortutakoa.