“Geldirik zeuden bi proiektu desblokeatzea lortu dugu”, adierazi du Jose Antonio Santano Irungo alkateak. Gaur goizean bilera egin dute Irungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta duela urte batzuetatik datozen bi proiekturen gaineko adostasuna lortu dute: hego ingurabidea eta Arbesko adinekoen egoitza.
Santanorekin batera, Markel Olano ahaldun nagusiak eman ditu adostasunaren xehetasunak. Bilera horretan ere izan dira aldundiko gobernu taldeko beste diputatuak: Denis Itxaso ahaldun nagusiordea, Maite Peña Gizarte Zerbitzuetako diputatua eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatua.
Hego ingurabidearen gainean bi traba gainditu dituzte akordioaren bidez: batetik, alde ekonomikoa. 15 milioi euroko proiektua izango da, guztira, bi zatitan banatua: autobidearekin lotura eta hego ingurabidearen plan orokorraren lehen zatia. Udalak 1 milioi euroko ekarpena egingo du, eta aldundiak gainontzekoa. Udalaren diru kopurua hego ingurabidera zuzenduko da, eta autobidearekin lotura, osorik, aldundiak finantzatuko du.
Bestetik, lehentasunena. Lanak 2018an hastea espero dute. Olanok zehaztu du uda ondoren hasiko direla.
Adinekoen egoitza, legealdi honetako kontua
Arbesko adinekoen egoitzari dagokionez, lanak legealdi honetan hasi eta amaitu nahi dituzte. Oraindik, ordea, ez dute aurrekontua zehaztu. Horretarako, Europako diru laguntzetara jotzeko asmoa dute. Izan ere, egoitzari mugaz gaindiko izaera eman nahi diote; alegia, mugaren bi aldeetako egoiliarrei zuzendu.
Olanok azaldu du egungo testuinguru ekonomikoan, inbertsio nabarmena dela diputazioak egingo duena.
Santanok akordioaren garrantzia nabarmendu du. Batik bat Irunen auto ilara handiak sortzen direlako, eta autobidearekin loturarekin nahikoa ez, eta hegoaldeko ingurabidearen bide orriarekin horiek “behin betiko konpontzeko bidean” egotea espero du.
Arbesko egoitzari dagokionez, egungo egoitza, Ama Xantalen, txiki geratu dela azaldu du, eta beste egoitza handiago bat behar dutela. Egun 68 pertsonentzako tokia dago, eta oraindik Arbesko egoitzak zenbat laguntzentzako tokia izango duen zehaztuta ez dagoen arren, egungo kopurua bikoiztuko duela kalkulatu du.
Jose Antonio Santano alkatea eta Markel Olano ahaldun nagusia akordioaren berri ematen.