Abelgorriak menditik atera ahal izateko hainbat pista eta bide moztuko dituzte, tartean Talaia bidea
Abelgorriak, Jaizkibelen
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako sailak jakinarazi du igande honetan aterako dituztela Jaizkibelgo Hondarribiko eremuan bizi diren abelgorriak bertatik. Asmoa da behi basati taldea bildu, eta hura handik ateratzea, aldundiak esan duenez, “halako kasuetan erabiltzen den protokoloaren xehetasunak azkendu ondoren”. Aldundiko teknikariak eta abereak biltzeko lanean adituak direnek izango dute igandean lan hori egiteko ardura.
Horregatik, abelgorriak harrapatu eta bildu ahal izateko, segurtasun neurriak bermatu nahi ditu aldundiak, eta horretarako herritarrei hainbat ohar bidali dizkie: sarbidea debekatuta egongo da Gi-3440 errepidearen eta itsasoaren arteko eremura, baita Artzuportutik antenetarako eremuan ere (Talaia bidea pasatzen da bertatik). Hala ere, Gi-3440 errepidea (Jaizkibelgoa) zabalik egongo dela jakinarazi du aldundiak, nahiz eta pista nagusiak itxi.
Abelgorriak menditik kentzeko prozesua Hondarribiko Udalarekin koordinatuta egin du aldundiak. Izan ere, abelgorriak abandonatuta zeuden, ez zuten jaberik (abiatu zen prozeduran jabeei erreklamatu zitzaien abelgorriak ken zitzaten, baina ez zen jaberik agertu), zainketarik ez zuten, ez eta inolako ziurtagiri edo horien jatorriaren daturik. 2013ko udaberritik ez zuten osasun higiene kontrolik izan ere.