Katsikaseko kanpalekuko bizipenak kontatu nahi dituzte eta ekitaldi publiko bat prestatzen hasi dira horretarako.
Kontakizuna zinegotzi guztiei egitea adostu dute boluntarioek alkatearekin
Grezian bizitutakoa Hondarribian kontatu nahi dute Emekiren kanpainan bildutako arropa Katsikasen banatu zuten boluntarioek. Gaur Txomin Sagarzazu alkatearekin bildu dira, eta hurrengo urratsen berri eman diote.
Batetik, udal talde guztiekin elkartzeko nahia adierazi diote alkateari, eta datorren asterako hitzordua egin dute. Hala, Katsikasen bizitutakoak zinegotzi guztiei azaltzeko aukera izango dute, eta abentura berrian bidelagun izateko eskatuko diote Hondarribiko Udalari.
Berandu gabe ahalik eta errefuxiatu familia gehiago Gipuzkoara ekartzeko borrokan ari dira Hondarribiko boluntarioak, eta horietako batzuk Hondarribira etortzea nahiko lukete. Udalean bezala, Batzar Orokorretan egingo dute eskaera hori boluntarioek, Gipuzkoara iritsi behar diren herritar berrien gaia landuko duen ponentzian. Ekainaren 9an izango da hori.
Ekitaldi publikoa herrian
Familiak ekartzeko mobilizatzeaz gain, Hondarribitik Greziara abentura herritarrekin konpartitu nahi dute Katsikasen egondako hondarribiarrek, eta ekitaldi publiko bat prestatzen ari dira. Oraindik ez dute zehaztu noiz eta non egingo duten, baina bertaratzen denak aukera izango du boluntarioen ahotik bizitutakoa ezagutzeko, eta Hondarribiko HITZAk eginiko argazkiak ikusteko.
Igande eguerdian
Irungo Zabaltza plazan egingo dute kontakizuna, Ongi Etorri Errefuxiatuak! jardunaldien barruan. Eta asteazkenean Hendaiako Mediatekan egingo den Irakurraldian parte hartuko dute bi emakume boluntariok, Akelarre elkarteak gonbidatuta.