Ipar Euskal Herritik Irunera sartzeko Done Jakue bideetan informazio panel berriak jarri dituzte. Erromesak gusturago ibiliko dira horrela hiritik.
Miguel Angel Paez, panel berrietako baten parean
Santiago Bidea egiten ari direnentzat bi informazio euskarri berri jarri dituzte Santiago zubiaren ondoan, eta Behobian. Udalak jarri ditu, Jacobi Irun-Bidasoko Done Jakue Bidearen elkartearekin elkarlanean. Bi eremu horietan sartzen da bidea hirian, Ipar Euskal Herritik.
Panel horietan, ohiko elementuekin edo braillez, Irunen Done Jakueren bi bideek egiten duten ibilbidea ikus daiteke: Errege bidea eta Frantziako bidea dira, eta biek bat egiten dute San Juan plazan. Gainera, Irunen badago erromesentzako aterpea., zehazki Lucas Berroa kalean. Jacobik kudeatzen du hori.
Irunen Done Jakue bidearen historia XI. mendean hasi zen. Nafarroako errege Antso Handiak erabaki zuen Santiagorako bidean Irun mugarri izan behar zela, eta ordutik, bidean hiria erreferentzia izan da.
Miguel Angel Paez Garapen Ekonomikorako udal ordezkariak esan duenez, milaka dira urtero bidea egiterakoan Irun zeharkatzen duten erromesak, “bideak Irunen duen garrantzia mantendu eta indartu behar da”.