Istillaga-Dunboa eremuan 87 etxebizitza, eta zonaldea biziberritzeko lanak azken fasean daude
Lanak guztiz bukatzean, itxura hau izango du zonaldeak
Dunboa errekaren eta Santiagoko pilotalekuaren ondoko lau etxebizitza blokeak eginda, jada itxura hartu du Istillaga-Dunboa eremuak. Urbanizazioko lur azpiko solairuak ere eginda daude, eta goialdeko bi partzela gelditzen dira soilik egiteko. Tramitazioan da horietako bat. Hortaz, 87 etxebizitza eta lur azpiko 153 aparkaleku, eta oinezkoentzako zonaldeak hartzen ditu bere barruan operazio urbanistikoak, “hiri barruan beste hiri zonalde berri bat baimendu du inguruaren erremateak”, esan du gaur Xabier Iridoy Hirigintza eta Etxebizitza ordezkariak. Bertara bisita egin du.
Hiruki itxurako eremua da burutzear dena, Santiago kaleko, Dunboako kanaleko eta Istillaga plazako eraikinek sortu dute hirukia. Gainera, operazioaren berezko lanez gain, lanen bitartez ahalbidetu da Santiagoko pilotalekua eraberritzea nahiz Istillaga plazari garrantzia handiagoa ematea.
Iridoyk esan duenez, etxebizitza blokeetako batean lokala izango du udalak, 280 metro koadrokoa, gizarte erabilerarako.