Herrialdeko trainerilla ligaren barruko azken estropada jokoan izango da bihar; etzi, Gipuzkoako Txapelketa. Biak dira Hondarribian, 11:00etan hasita.
Hondarribiko trainerilla, Zarauzko estropadan. Argazkia: Josu Z.
Gipuzkoako Trainerilla Ligako zazpigarren eta azken estropada, eta horrekin batera Gipuzkoako Txapelketarako sailkapen estropada jokatuko dira bihar (larunbata, hilak 21) Hondarribian. 11:00etan hasiko dira lau kategorietako lehiak: Gizonen Gazte Maila, Gizonen Federazio Kopa (ligatik kanpo dago), Emakumeen Absolutu Maila eta Gizonen Senior Maila. Igandean, berriz, eta 11:00etan ere, Gipuzkoako Txapelketa izango da jokoan larunbatean onenen sailkatzen direnekin.
San Juango emakumeak, Orioko estropadan. Argazkia: Josu Z.
Seniorren gizonen nahiz emakumeen mailetan eskura dute Hondarribiak eta San Juanek, hurrenez hurren, liga. Lider dira biak euren kategorietan, eta ezusteko handia litzateke azken jardunaldian huts handia egitea, lidergoa eta beraz liga galtzeraino. Sailkapenak argi dio berdeek nahiz arrosek aurreko sei estropadetan oso maila ona azaldu dutela:
Gipuzkoako Trainerilla Liga sailkapena (PDF).
Txapelketarako ere eurek dira faborito, hau da, Hondarribia gizonen goren mailan eta San Juan emakumeenean. Baina hori igandean ikusi beharko da, izan ere, liga ez bezala, estropada bakarrera erabakitzen delako herrialdeko txapela.