Aulki mugikorreko Euskadiko Txapelketako mailarik nagusienean, gizonen zortzikoan, azken hamar urtean zazpitan izan da garaile Hondarribia
Irudikoak txapeldunak dira
Aulki mugikorreko Euskadiko Txapeldun izan zen Hondarribia igandean Legutioko aintziran, gizonen kategoria nagusian, hau da, zortzikoan (lemazainarekin). Iazko txapela berretsi egin zuten horrela berdeek. Ez hori bakarrik: azken hamar urteetan zazpitan jaso dute txapela hondarribiarrek. Aulki mugikorraren atalean egiten ari diren lan onaren seinale da hori.
Igandekoa izan zen arraun elkarteko gizon seniorrek aulki mugikorrean jokatu zuten azken estropada. Orain, tosta finkoan indarrak jartzea tokatzen da, hilabete pasatxo gelditzen delako San Miguel Liga hasteko.
Igandeko txapelketan 5:50eko denbora egin zuten berdeek. Bigarren Orio izan zen hiru segundora, hirugarren Deustu 9ra, eta laugarren eta azkena Raspas 10era.
Hondarribiaren taldea honakoa izan zen: Manex Alday, Julen Castrillon, Iñigo Sagarzazu, Beñat Egiazu, Borja Oiartzabal, Meltxor Amunarriz, Ion Muguruza, Borja Olarzabal eta Iker Linde (lemazaina).