Termiten kontrako plana ren lehen fasean, Alde Zaharreko etxebizitzetan termitak ote dauden aztertuko dute. Bigarrenean, baleude, horiek kenduko ditu udalak. Zerbitzua doan da.
Udaleko ordezkariak, eta plana aurrera eramango duten eragileak, gaurko aurkezpenean
Irungo Udalak termiten detekzio eta kudeaketa plana jarriko du abian Alde Zaharrean. Hirigintza Sailak bultzatutako egitasmoan, lehenik hiriko zonalde horretako etxebizitzetan ikuskatze lana egingo dute hilaren 16, 17 eta 18an; horretaz arduratuko dira Rehabite Aholkularitza Teknikoa enpresa, eta Fundacion Tecnalia Research & Innovation. Bizilagunen komunitateek musu-truk jasoko dute termiten ikuskaritza zerbitzua.
Bi fase izango ditu planak. Lehenean, duten egituragatik termitak egon daitezkeen eraikinak aztertuko dituzte. Horiek baleude, kolonien analisi zehatza egingo da, eta behar balitz eraikin horien azterketa sakonagoa egingo litzateke.
Bigarren fasean, berriz, koloniak topatu diren etxeetan horiek kentzera joango lirateke. Hori egiteko, aldez aurretik, lehiaketara atera beharko luke udalak gaia, eskaintzarik onenaren alde egiteko.
Xabier Iridoy Hirigintza zinegotziak gaur aurkeztu du plana, bidelagun izango diren Rehabit eta Tecnaliako lagunekin batera. Udal ordezkariak esan duenez, aproposa ikusi dute plana udalean, eraikinen egoeraren berri zehatza izateko, “egungo eta etorkizuneko bizikidetza” bermatze aldera.