Udalak lanekin segurtasuna handituko dela esan du, baina Cipriano Larrañaga inguruko bizilagunek diote hainbat kalte eragingo dituztela lanek
Lan horien kontra zeudela esan zuen Erdialdeko Auzo Elkarteak otsailean
Irungo Udalak jakinarazi du aste honetan direla hastekoak Cipriano Larrañaga urbanizatzeko lanak. Lehen faseko lanak dira, eta Euskotreneko geltokiaren eta Jacobo Arbelaitz kalearen artean urbanizazio lanek —oinezkoen lehentasunezko eremu izango da gehienbat kalea— beharko dituzten aldez aurreko prestaketak egingo dituzte beharginek. Udalak esan duenez, lanen helburua da “kaleak segurtasun handiagoa izatea eta Zabaltza plazaren oinezkoentzako luzapena izatea”. Inguru horretako hainbat bizilagun, ordea, ez daude lan horiekin ados.
Horrela, zonalde horretan bizi diren 210 irundarrek, lan horien kontrako sinadura eman dute, inguru horretako herritarren iniziatiba batek hala eskatuta. Zehazki, Cipriano Larrañaga, Jacobo Arbelaitz, Miguel Astigar eta Juan de la Cruz kaleetan bizi diren irundarren sinadurak dira horiek. Izan ere, egitasmoaren hainbat xehetasunen kontra daude herritar horiek: “Aparkatzeko plazak desagertuko dira eta horrek herritarrengan eta komertzioan izango du eragina, trafikoan ere kaletak izango dira, eta jarriko diren terrazengatik kalea estuagoa izango da oinezkoentzat, eta zarata handituko da”.
Horregatik, inguru horretako bizilagunek esan dute ez dituztela haien eskaerak kontuan hartu kalea berritzeko egitasmoa idazterakoan, “inposatu egin du udalak”. Aldi berean, euren egitasmo propioa landu eta udalari aurkeztu zioten.