Bildutako gaiak Gipuzkoako Elikagai Bankuari emango dizkiete Toki Alaiko ikasleek
Elkartasun keinua egiteko prest daude Toki Alai BHIko ikasleak. Beharra dutenentzako lanean hasi dira. Zehazki, 2Bko ikasleek elikagaiak biltzeko iniziatiba abian jarriko dute datorren astean, gero horiek Gipuzkoako Elikagai Bankuari eman eta beharra duten familiei banatzeko. Hiritartasuneko proiektu baten barruko iniziatiba da.
Toki Alairen egoitzetan (Siutzen eta Arbesen), Gazteluzar Institutuan, nahiz Dunboa Lanbide Hezkuntzako zentroan jakiak biltzeko guneak jarriko dituzte ikasleek hilaren 9tik 18ra arte. Hori bakarrik ez. Hilaren 18an (asteazkena da) hiriko hainbat saltokitan ere egongo dira ikasleak jakiak biltzen, 09:00etatik 14:00etara: Pinar kaleko eta Juan Aranako Eroskin, Super Amaran, eta Arbesko Carrefour Expressen.
Oinarrizko produktuak emateko eskatu diete herritarrei, elikagaiak, eta garbiketarako produktuak. Izan ere, 2015ean Gipuzkoako 21.000 familiak jaso zuten Gipuzkoako Elikagai Bankuaren laguntza, eta horretaz jabetuta, ekarpena eta elkartasun keinua egin nahi dute Toki Alaiko ikasleek.