Alardealdia hasteko zintaren mozketa Aldabe baserriko kideek egingo dute. Aurten ere Ficoban bazkaria izango da
Gaur egin dute Alardealdiaren aurkezpena
XVIII. Alardealdia maiatzaren 29an egingo dute. Irungo festen atarikoa izateaz gain, egunaren helburua da egun horretan biltzen den diruarekin alarde ez parekidea finantzatzea.
Alardealdiaren ekitaldirik garrantzitsuena hiritik eta landa eremutik zehar egiten den martxa da. Hori 09:00etan abiatuko da Santa Elena kaletik. Aurten, martxaren hasierako zinta mozteko ardura Aldabe baserriaren jabeek izango dute, “urte hauetan antolatzaileei emandako laguntza eta parte hartzeagatik”. Ibilbidean hainbat musikari, dantzari eta abeslari egongo dira. Txu-txu trenean ere egin ahal izango da ibilbidea. Gainera, haurrentzako jarduerak izango dira hainbat puntutan.
Ibilbidea egin ondoren pintxoen dastaketa egingo dute Urdanibia plazan (11:15ean). Handik, Ficobako bazkarira joango dira partaideak, 13:30ean, kalejiran. Bazkarirako tiketak hartzeko aukera dago hiriko hainbat taberna eta saltokitan.
Ficoban, bazkariaz gain, hainbat ikuskizun egingo dituzte, dantzaldia barne. Arratsaldean erakustazokara joan nahi dutenentzako beste kalejira bat prestatu dute, 16:45ean abiatuta San Juan plazatik.