Sardara jatetxeko Martin Merinok egindako pintxoak jaso du sari nagusia. Errenteria-Oreretako Xera hirugarrena izan da.
Irabazleak, parte hartzaileak, eta antolatzaileak, atzoko ekitaldian
Gipuzkoako Bakailao Pintxoen II. Lehiaketa egin berri dute. Horretan, ohorezko postuetan, Oarso Bidasoko bi ostalaritza gune: irabazlea Hondarribiko Sardara jatetxeko Martin Merinok egindakoa izan da, bigarrena Donostiako Zazpi jatetxea, eta hirugarrena Errenteria-Oreretako Xera Gastroteka. Aipamen berezia Donostiako Oquendo tabernari egin diote, eta garagardoarekin hobekien bat egiten zuen bakailao pintxoaren saria –Amestelek babestua— Donostiako Aratzek irabazi du.
Sardarako ordezkariak txapela, oroigarria eta 500 euro jaso ditu.
Bidasoko bakailao enpresek babestu dute aurten txapelketa, Bacalao Saborealo elkartearen bitartez. Irungo Udalaren, aldundiaren, Amstelen eta Atalaia hotelaren babesa izan du. Orotara 42 establezimenduk parte hartu dute, eta bi astez luzatu da lehia. Atzo (astelehena) eman zituzten sariak.
Lehiaketaren helburua da bakailaoaren kontsumoa handitzea, kalitatezko sorkuntzen bitartez.