Bidasoko Itzulia, sub 23 txirrindulari onenentzat
Bihar (asteazkena) hasiko da Bidasoko Itzulia. Lau etapa bizi-bizi izango dituzte aurretik sub 23 mailako 140 txirrindulariek.
- Lehen etapa (hilak 4, asteazkena): Irun-Irrisarri Land (107,1 kilometro). Etapa gorabeheratsua, baina goi mailako porturik gabe. Bukaera, maldan gora. 14:30ean aterako dira partaideak Irungo Urdanibia plazatik. Igantziko parkera ordutegirik onenean 17:03an iritsiko lirateke.
- Bigarren etapa (hilak 5, osteguna): Hendaia-Hondarribia (123 kilometro). Itzuliaren profila nahasten hasten da. Besteak beste, etapa honen azken kilometroetan, Jaizkibel igoko dute txirrindulariek, Hondarribiko Harresilanda kaleko helmuga baino kilometro gutxi batzuk lehenago. 14:30ean hasiko da, 17:27-17:44 inguruan bukatzeko antolatzaileen aurreikuspenen arabera.
- Hirugarren etapa (hilak 6, ostirala): Orio-Orio (128 kilometro). Gipuzkoako kostaldeko herriko Arrantzaleen kalean hasi, eta bertan bukatuko da itzuliko etaparik luzeena. Tartean, bigarren mailako bi mendate (Mandubia eta Etumeta) eta helmugatik gutxira hirugarren mailako bat (Meagas) izango dituzte gainditzeko lasterkariek. 14:30ean abiatuko dira partaideak, 17:53an gehien jota bukatzeko (rutometroan ordutegirik mantsoena da).
- Laugarren etapa (hilak 7, larunbata): Irun-Irun (77,5 kilometro). Etapa motza, eta latza azkena. Ficoban hasi, eta Colon pasealekuan bukatuko da. Tartean, hirugarren mailako mendate bat (Gurutze) eta hiru lehen kategoriakoak: Aritxulegi, Agiña eta Erlaitz. Azken etapa honetan erabaki daiteke, askotan gertatu bezala, itzulia. 15:00etan abiatuko dira lasterkariak Ficobatik, eta 17:00 inguruan bukatuko da.