Boluntario guztiek lagundu dute Hondarribiko kamioiak hustutzen, baita gazte iheslari talde bat ere.

Eguzkia atera da tarteka eta atzo bustitako arropak lehortzen jarri dituzte
‘Mundu osoa arraza bakar bezala ulertzen dugu’. Ingalaterrako KhalsaAid indiar erakundearen lelodun kartel bat irakur daiteke boluntarioen hangarrean, sukaldeko atearen ondoan. Greziako ejerzitoak catering zerbitzua eskaintzen du Katsikasen, baina errefuxiatu askori ez zaio gustatzen, eta boluntarioek prestatzen dutenaren bila etortzen dira. Jende askok laguntzen du sukaldean, baina hiru chef daude, greziar bat, espainiar bat, eta iheslarietako bat, siriarra.
Goizero, boluntario bakoitzak aukera izaten du egunean zehar egin nahi dituen lanetan izena emateko. Baina gaur, 12:00etarako abisua emanda zegoen, Hondarribiko kamioiak deskargatzeko laguntza behar zelako.
Bi ordu behar izan dira lehen kamioia husteko, eta material bakoitza bere tokian kokatzeko. Boluntarioen lana asko errazten du horrek, hala egin ezean, oso zaila dutelako iheslariek dendan —familiei arropa banatzeko lekua— bilatzen duten hori aurkitzeko. Boluntario guztiek lagundu dute Hondarribitik Greziara ekarri duten materiala deskargatzen.
Batzurentzat lehen lana izan da Katsikasen, hondarribiarrentzat, Aragoiko neska batentzat, bi ingelesentzat, argazkilari italiar batentzat… Espainiako Estatukoak dira boluntarioen gehiengoa Katsikasen, hamarretik zazpi inguru, baina askotariko lekuetatik etortzen dira laguntzera, eta gazte errefuxiatu talde batek ere laguntzen du. Mundu osokoak, arraza bakarrekoak bezala lanean.
Egunetik egunera aldatzen da boluntarioen jatorria, jende berria etortzen delako, eta beste batzuek joan behar izaten dutelako. Itzuliko direla esaten dute denek.
Bigarren kamioia gaur bertan husten saiatuko gara. Hangarrean ez da lekurik geratzen eta beste biltegi batera eramango dugu. Hori antolatzen ari dira sei emakume hondarribiarrak. Goizean lan handia egin dute, baina asko dago hemen egiteko.