Anconatik Igoumenitsarako ferrya hartuko dugu gaur. Itsaso zakarra iragarrita dago.
Euria egin du gau osoan Anconako portuan, eta hala jarraituko du
Bustitik esnatu zaigu eguna Anconan. Ortodoxoak Pazko ospakizunetan dabiltza eta atzo gauerdian Anconan bizi diren errumaniarrek meza ospatu zuten haien tenpluan. Guk ez genuen kandelarik eraman eta euritan pasa dugu gau osoa. Okerrena da datorkiguna, eguraldia are eta okerragoa espero baitugu hurrengo egunetarako. Katsikasen ekaitzak espero dira asteazkenera arte, eta euria ez da geratuko boluntarioek etxerako bidea hartu bitartean. Barkatuko digute kandelarik jarri ez izana, deskuidoz izan da.
Igoumenitsara doan ferrya hartuko dugu gaur, arratsaldeko bostetan. Hemezortzi orduko bidaia da, 843 kilometro, 455 itsas milia, eta ez dirudi oso lasaia izango denik. Kamioilari izatea zer den ikasten ari gara Hondarribitik Greziara, eta arrantzaleek ekaitzekin topo egiten dutenean sentitzen dutenera hurbilduko gara gaur. Hori bai, lau pisuko munstro baten babesean egingo dugu, gozo-gozo. Beste batean animatuko gara arrantzaleekin antxoetara edo.
Katsikasen ekaitzak espero direla esatea ez da broma. Abisatuta gaude euria egiten duen aldiro errefuxiatuen kanpalekua ur azpian geratzen dela, hortaz, ez dugu pentsatu nahi bihartik aurrera bertan gertatu daitekeena. Eguraldi iragarpenek hutsik egiten ez badute, arropa banatzea ez da egin beharko dugun lan bakarra.
Bihar goizeko hamarrak eta erdietan iritsiko omen gara Igoumenitsara. Pentsatzen dut itsaso zakarrarekin ordutegia malguagoa izango dela. Akaso, olatu pare bat hartuta ordu erdi aurreratu gaitezke; patroiaren arabera izaten da hori.
Igoumenitsako portutik ordu eta erdiko bidaia baino ez zaigu geratuko Katsikaseraino. Gutxi falta zaigu. Eguerdirako iritsiko gara kanpalekura, baina boluntarioak iritsi arte ez dugu deskargatuko.
Goizeko seietan hartuko dute hegazkina Bilbon sei boluntarioek. Gauean ailegatuko dira Ioanninara, Amsterdamen eta Atenasen eskala egin eta gero. Emakumeak dira seiak, hondarribiarrak denak; bakoitzak bere hegaldia ordainduta bidaiatuko du Greziara, eta egonaldia ere ordainduko dute beraiek. Izan ere, kanpainan bildutako diru guztia bilketan jaso ezin zen arropa erostera bideratu da: barruko arropak, pixoihalak, emakumeentzako konpresak, eguzki kremak eta biserak.
Dena ongi, asteartetik aurrera banatuko da martxotik Hondarribian bildutako arropa. 30.000 kilo guztira.