Katea auzoko 40 umek erabiliko dute Haur Txoko berria. 4-12 adin tartekoentzako garapenerako zerbitzua da.
Kateako Haur Txoko berriaren aurkezpeneko irudia
Katea auzoko haurrak zorioneko daude. Haur Txoko berria dute. Aurreko egoitzak hainbat arazo zituen, berriarekin horrekin bukatu dute, egokiagoa da. 40 umek erabiltzen dute.
Josune Gomez Irungo Udaleko Gazteria ordezkariak eman zituen atzo Haur Txoko berriaren gaineko xehetasunak. Jakinarazi zuen aurreko lokalak zituen arazoen berri izan eta berehala hasi zirela udalean lanean azpiegitura berri bat egiteko. Eta lortu dute. Gainera, egoitza berriak aukera berriak ematen dituela jakinarazi du Gomezek, “handitzeko aukerak baditu auzora zabaldu eta haurtzaroari zuzendutako proposamen mota guztiek aberastu ahal izango duten ingurua da”.
Haur Txoko berriak hiru eremu dauzka: jolas eremua, ludoteka eta tailer eremua. Horietako bakoitzean haurrek aukera izango dute garatzeko hainbat arlotan, “psikomotrizitatean, maila kognitiboan, kritikoan, sormenean eta afektibitatean”. Horiek haurrentzat bakarrik ez, guraso eta zaintzaileentzako onuragarri direla adierazi zuen Gomezek.
Katea auzoko Haur Txokoa 4-12 adin tartekoentzako zerbitzua da. Astelehen, asteazken eta ostiraletan zabaltzen dute, 16:30etik 18:00etara 4-9 adin tartekoentzat, eta 18:00etatik 19:30ak arte 10-12 adin tartekoentzat. Zerbitzuaren ikasturteko kuota 32,10 eurokoa da. Lapitzen ere badago Haur Txokoa, Kateakoaren zerbitzu, ordutegi eta adin tarte aldetik antzekoa.