Jaitzubiako padurak, bertako hariztia, nahiz Zubieta ingurua ezagutzeko aukera dago Bidasoaldeko Lagunak taldearen irteeran
Jaitzubia ingurua
Bidasoaldeko Lagunak taldeak Jaitzubiako balioak ezagutarazteko irteera antolatu du maiatzaren 1erako (iganderako). Irteera ordua 09:15ean jarri dute, Katea auzoko Renferen geltoki ondoan. Asmoa da 12:30erako bukatzea ibilbidea, zortzi bat kilometro lau eta erraz egin ondoren.
Inguruko hariztiak, hegaztiak, paisaiak, padurak eta bestelako elementuak ikusteko eta horietaz jabetzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Izan ere, Jaitzubiako hezegunea Txingudiko babes gunearen barruan dago, eta besteak beste babes hori du Natura 2000 Sarean dagoelako, nahiz nazioarteko hezeguneen babeserako sortu zen RAMSAR hitzarmenaren barruan dagoelako.
Jaitzubiako paduraren beste aldean, N1 errepidea zeharkatuta, Zubietako gunea dago. Bidasoaldeko Lagunak taldeak jakinarazi duenez, bertan txabolak eta baratzeak daude gaur egun, “eta nahiz eta bertan ezin den inolako azpiegiturarik egin, Irungo Udalak Plaiaundiko kirol instalazioak eraman nahi ditu bertara”.