Kreditu aldaketetan prozedura bat ezartzeko proposamena landu du Irungo EH Bilduk
Izaskun Sorondo eta Oinatz Mitxelena, EH Bilduko hautetsiak
Irungo EH Bilduren udal taldearen arabera, 2015ean Irungo Udalak izan zuen 9 milioi euroko diru soberakina kudeatzeko izapideak beste era batera egin behar dira. Udal gobernu taldeak proposatu du soberakin hori kreditu aldaketa bidez aktibo jartzea 2016ko udal aurrekontuan; bide hori ez du gustuko EH Bilduk, eta proposamena egin du euren ustez soberakina nola kudea daitekeen aztertzeko.
Koalizioak iritzi baitu kreditu aldaketaren prozedura aldatu behar dela, “ez baitago inon erabakia ezta adostua horrelako egoerak ematen direnean zein irizpide jarraitu, eta dirua zertara bideratu”. Hortaz, horren gaineko gogoeta egiteko eskaera luzatu diote alkateari eta ogasun delegatuari. Neurri horiekin, “udalaren demokratizazioan” eragin nahi du EH Bilduk.
Proposamen horretan jasota dago soberakinaren kopuru osoaren gaineko erabakiak hartu ahal izatea, aurrekontu parte hartzaileetatik ateratako proiektuei lekua ematea, edo udal gobernuaren proposamenen gaineko informazio zehatzagoa lortzea (ogasun batzordeko kideen artean ere).
Zentzu horretan, kreditu aldaketak gertatzen direnean horiek ogasun batzordean landu daitezela nahi du EH Bilduk, baita zuzenketak nahiz emendakinak aurkezteko epea zabaltzea ere.
Aldi berean, kreditu aldaketen harira, 2016ko udal aurrekontuak lantzerakoan egindako zuzenketak berriz ere mahaiaren gainean jarriko dituela esan du koalizioak.