Txalupak proiektuak bertako produktua balorean jarri nahi du. Atzo aurkeztu zuten Hondarribiko udaletxean.
Kunsthaleko ikasleak, Txalupak proiektuaren aurkezpenean
Txalupa eta kalabaza Hondarribiko tokiko produktuen ikur bilakatuko dira aurrerantzean, Kunsthal diseinu eskolako ikasle talde batek garatu duen Txalupak proiektuari esker.
Hondarribia Abian Enplegu eta Garapen Ekonomikorako Planaren barruan kokatzen da ekimena eta atzo arratsaldean aurkeztu zuten udaletxean,
Bertako Produktuen Astearen barruan.
“Proiektuak lotura sortu nahi du nekazaritza munduaren eta biztanleen artean, eta horretarako Hondarribian garrantzitsua den osagai bat erabiltzen du, txalupa”, azaldu du Kalixa Silanes Nekazaritza, Ingurumen eta Agenda 21eko zinegotziak. Helburua tokiko produktua balorean jartzea da, halaber, lehen sektorea bultzatu nahi du Txalupak egitasmoak.
Hurrengo asteetan proiektua ikusaraziko dute. Horretarako, leku estrategikoetan kokatuko dituzte bi elementuak, jendea harritzeko helburuarekin, hausnar dezaten ikusten dutenarekin. “Bertako produktua balioan jartzeaz gain, produktua eta nekazaritza mundua agerrarazi nahi dira; hau da, herritarrei hurbiltzea, eta informazioa ematea produktua eskuratzeko moduei buruz”, gaineratu du Silanesek.