[Bideoa] "Herriaren errepublika" defendatu dute

Hamarnaka herritar kalera irten ziren larunbatean III. Errepublika aldarrikatzera.

Errepublika Eguna-Nicolas Gerendiain

Errepublika Eguna 2016

Apirilaren 14ko Errepublika Eguna aurretik ospatu dute Irunen, eta joan den larunbatean martxa egin zuten Irungo kaleetatik, Nicolas Gerendiain elkarte errepublikanoak antolatuta. Hamarnaka herritar atera ziren kalera, Espainiako bandera errepublikanoa eskuan, monarkiaren abolizioa eskatu eta III. Errepublika aldarrikatzera. Erdialdeko kaleak zeharkatu zituzten eta San Juan plazan bukatu zuten martxa. “Herriaren errepublika” defendatu zuten martxaren ondoren egindako agerraldian. “Errepublika langile klase osoa batzeko eta herriak batzeko elementu gisa” aldarrikatu dute, baita “askatasuna, berdintasuna, elkartasuna, laikotasuna, publikotasuna eta autodeterminazio eskubidea” defendatzeko sistema gisa ere. Errepublikako ideiak defendatu eta borrokatu zituzten guztiak ere gogora ekarri eta omendu zituzten; hala nola, joan den udan hil zen Marcelo Usabiaga. Horren haritik, Nicolas Gerendiain elkarte errepublikanoak jakinarazi duenez, Nazioarteko Zubiaren urteurrenaren harira, 36ko Gerratik ihes egin behar izan zuten umeetako batek bandera errepublikanoa igoko du. Martxatik bazkaltzera joan ziren. 40 lagun inguru elkartu ziren.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.