Moskutik Lakaxita gunera egingo dute Jaion, kamioian La Chula Potra bide horretan giroa jartzen egongo dela
Iazko Jaionen irudi bat
Lakaxita gunearen hamaikagarren urteurrenean, hamahirugarren Jaion egingo dute Irunen, hilaren 23an (larunbata), arratsaldez. Aurten, Moskutik Lakaxitaraino joango den jaialdi ibiltariko kamioian La Chula Potra izango da errimak Irungo kaleetatik jaurtitzen, ozen, “Iruñako alkateari zuzendutako belarrondoko sinbolikoak famatu bihurtu zituen abeslari politikoki okerra”, Lakaxitatik esan dutenez. Ondoren, gunean, kontzertuak Elorrio, Han, El Duro bikotea, Niña Coyote y Chico Tornado eta Zura taldeekin. Gaualdia luzatzeko DJak izango dira, DJ Leire Volta eta Selektah Amunda. Festa paregabea.
Jai sortzaile eta aldarrikatzaile bezala definitu dute Irungo gune askeko kideek Jaion, “hiri gris honen kaleak okupatzera eta eztitzera goaz berriro”. Eta zehazki, ekintza soziopolitiko eta kulturalez Irun eraldatzeko gai direla, eta azken boladan Lakaxita zelatan izan duen hiri antolamendurako planari erreferentzia eginaz espazioa finkatu behar dela adieraziko dute, “gauzatu diren ametsak asko direlako, baina betetzeke daudenak beste hainbeste”.
Lakaxita 11 urtean feminismoa lantzeko, maskulinitatea ezbaian jartzeko, etxegabetzeen kontrako mugimendua sendotzeko, AHTa salatzeko, natura defendatzeko, kultur aniztasuna bultzatzeko, gazteen “errebeldia” aldarrikatzeko gune izan dela esan dute bertako kideek.
Eta horrela jarraitu nahi dute, “Lakaxita Irungo gazteen eta kulturaren erreferente garrantzitsua izan da”. Hau da, gune autogestionatua, gizarte mugimenduen etxe, pertsonen independentziaren eremu eta kolektiboen garrantziaren gotorleku izaten jarraitu nahi dute: “Badira pastela zapuztu nahi digutenak, baina Lakaxita osatzen dugun pertsona eta kolektibook bizkotxoak bezain samurrak gara, merengea bezain krematsuak, azukrea bezain goxoak. Tarta labean da, ilusioa, kolorea eta goxotasuna osagai dituen tarta, bertan parte hartu nahi duten guztientzat den tarta, autogestioan oinarrituta dagoen eta unibertso berri bat eraiki nahi duen tarta”.