'Ametsen liburua' aurkeztuko dute Hondarribian

Hondarribiko Kultur Etxean izango da aurkezpena, eta hiru testigantza ezagutzeko aukera izango da bertan.

Laurehunetik gora euskal preso eta erbesteraturen idatziak eta ia berrogeita hamar artisten lanak biltzen dituen Ametsen liburua aurkeztuko dute ostegunean, hilak 7, Hondarribiko Kultur Etxeko 103 aretoan. Astero argitaletxeak kaleratu zuen liburua iaz. Liburu mardula da, tamaina handikoa, edizio oso txukunekoa. Edukiari dagokionez, 426 pertsonen testigantzak biltzen ditu, presoak edo preso izandakoak edota erbestean bizi izandakoak edo bizi direnak. “Askatasun gabeziak eragindako ametsen testigantza jasotzen ditu —azaldu du argitaletxeak—, modu desberdinean azalduta, eskutitz, marrazki zein olerki bidez”. Jokin Urain Kixkur idazleak izan du lana koordinatzeko ardura (irakurri Oarsoaldeko HITZAk Kixkur-ri egindako elkarrizketa).
kixkur Ametsen liburua

Jokin Urain ‘Kixkur’ izan da koordinatzailea

Gainera, 46 artistaren lanak biltzen ditu Ametsen liburua-k, denak argitalpenak lantzen duen gaiarekin harremana dutenak, artista horien ametsak irudikatzen dituztenak. Besteak beste, Jose Luis Zumeta, Jose Antonio Sistiaga, Dora Salazar, Juan Gorriti, Asisko Urmeneta, Barbara Stammel edota Judas Arrieta hondarribiarraren lanak bildu dituzte. Hondarribiko aurkezpenean, liburuan toki duten hiru testigantza ezagutzeko aukera izango da, Alfontso Etxegarai deportatuarena, Mertxe Txibite presoarena eta Joseba Sarrionaindia iheslariarena. Ostegunean izango da, 19:30ean hasita, eta nahi duenak aukera izango du Ametsen liburua erosteko.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.